Maider Mendizabal, 13. aldiz Munduko Pilota Txapelketan

Tolosaldeko Ataria 2018ko urr. 15a, 13:08

Urriaren 20ra bitarte jokatuko da Euskal pilotako Munduko Txapelketa, Bartzelonan. Antolatzaileen esanetan munduko txapelketa hau aurrekoekin alderatuz inflexio puntu bat izango da, pilotarien mailagatik eta oihartzunagatik. Bertan dago Anoetako Su-Berri pilota elkarteko Maider Mendizabal.

Aste honetan Euskal Pilotako Munduko Txapelketa jokatuko da, Bartzelonan. 14 naziok lortu dute bertan egoteko txartela, azken hiru urteotan jokatu diren munduko kopako neurketetan.

Eskualdeak izango du bere presentzia, bertan izango baita Anoetako Su-Berri pilota elkarteko pilotaria den Maider Mendizabal. 13. munduko txapelketa izango da berarentzat. 1993. urtean parte hartu zuen, lehen aldiz, 22 urtez azpiko Trinketeko Munduko Txapelketan, 16 urterekin. Baita brontzezko domina lortu ere, Argentina eta Frantziaren atzetik sailkatuz.

1994an ere brontzezko domina lortu zuen, Donibane Lohitzunen, baina honakoan nagusien mailan. Lehen urrea 1998an jantzi zuen, eta gerora beste hirutan lortu du balentria hori, eta beste lau aldiz txapeldunorde izan da. 2014an Mexikon lortu zuen azkena, jokamolde berrian: gomazko paleta 30 metroko frontoian. Ordura arte Mendizabal trinketean aritzen zen munduko txapelketetan.

41 urterekin, munduko txapelketan parte hartuko duten pilotari beteranoetako bat izango da Mendizabal, baina mimoz prestatu du: «Munduko txapelketa honetarako prestatzen urte hasieratik gabiltza eta nahiko joko maila ona lortu dugu, baina entrenamendu eta lehia gehiago edukiz gero puntu hobean iritsiko ginatekeela uste dut», aitortu du. Izan ere ez da erraza izan familia, lana eta entrenamenduak uztartzea.

Amaia Irazustabarrena hernaniarrarekin osatuko du bikotea, eta gaur, astelehena, 14:00etan jokatuko dute lehen neurketa, Kubaren aurka.

Aurtengo edizioa, inflexio puntu

Munduko Txapelketaren aurtengo edizioak itxura berria izango du, eta antolatzaileen arabera, inflexio puntua izan daiteke, jarraipen mediatikoaz gain, pilotarien maila altuagatik.

2014. urtean, Tolucan (Mexiko) ospaturiko XVII. Munduko Txapelketan, Xabier Cazaubon Euskal Pilotako Nazioarteko Federazioko presidente berriak, aurkeztu zuen munduko txapelketaren egitura berria: nazio parte hartzaileen kopurua mugatzea proposatu zuen, txapelketa moztuz, baina, aldi berean, joko maila hobetuz.

Ordura arte, lau urtez behin antolatzen ziren, eta edozein naziok parte hartu zezakeen. Amaieran jokamolde bakoitzeko sailkapen zerrenda egiten zen, eta horrek mugatzen zuen bi urte beranduago jokatzen zen Munduko Koparako sailkapena. Kopan soilik Munduko txapelketako lehen hiru sailkatuk parte har zezaketen. 2014tik aurrera, ordea, Munduko Txapelketarako sailkapena lortzeko balio du Kopak. Beraz, munduko koparako parte hartzea irekia da egun eta munduko txapelketan soilik sailkapena lortu duten nazioek parte hartu dezakete.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!