Lehen hiri-planoa izan daitekeena

Jon Miranda Labaien 2018ko ira. 17a, 08:02

Orain arte, esku hartze arkeologikoa egin den eremuan, ebakidura zuzenak dituzten harlauza zati ugari aurkitu dira. Dekoratutako estela batzuk ere baditugu, eremu gotortuaren sarrera izan zitekeen lekuan ia lerrokatuta aurkitu direnak. Estela horietako batzuk dituzten erretikuluen irudikapena edo bestelako trazuak, kasu hauetan, esku hutsez eginak daude.

Estela horiez gain, nabarmentzekoa da, bere konplexutasunagatik, pusketa txiki bat, non segidako faseetan egindako lerro mordoak gurutzatzen diren modu ordenatuan. Kasu honetan, trazu horiek euskarri zuzen batean bermatuta egin dira. 36,5 x 29,5 zentimetroko luzerako eta 3,5 eta 4 zentimetro arteko lodierako hareharri triasikoko harlauzaren aldeetako bat guztiz grabatuta dago, eta azalera hori bi zati berdintsutan banatuta dago bi lerro paraleloen bidez, piezaren luzeraren noranzkoan. Alde banatan banda errektangularrak marraztu dira, batzuetan zerrenden bidez bereizita daudenak. Banda horietan, edo ondo zehaztutako espazio horietan, noranzko ezberdinetan egindako zeharkako grabatu zuzenak daude, eta espazio horietako batzuk X batez markatuta ageri dira.

Uztaila erdi aldera eman zen aurkitutako piezaren berri eta bertan irudikatuta dauden grabatuak kontuan hartuta, Euskal Herriko historiaurreko lehen hiri-planoa izan daitekeela jakinarazi zuten foru aldundiko ordezkariek eta aztarnategiaren arduradunek. Konparazio lan ugari egin ondoren, Xabier Peñalver arkeologoak interpretazio hipotesi bat aurkeztu zuen prentsa aurrean, aldaeraren batekin. «Uste dugu harlauza horretan irudikatzen dena Basagain herrixkaren zati baten oinplanoa dela; ardatza edo kale nagusia alderik alde zehaztuta dago, eta alde banatan etxebizitzak izan daitezkeenak irudikatuta daude, beren artean ondo bereizita. Seinaleek, eta (X) marka batzuek, azpimarratzen dute irudikapenaren zati horien indibidualizazioa». Trazatu horrek, baldin eta erdiko kale baten alde banatan lerrokatutako etxeak dituen hiri-plano bati badagokio, antzekotasunak dauzka, besteak beste, Arabako Guardia herriko La Hoya herrixkan, eta batez ere, Nafarroako Cortes herriko Alto de la Cruz herrixkan aurkitutako hiri egiturekin.

Aztarnategi horretan etxebizitzak ondo kontserbatuta agertu ziren eta kale nagusiez gain, kale estuagoak ere bazeuden. Bertako arkeologoek herrixkaren irudikatze bat egin zuten, airetik argazki bat aterako balute bezala. «Nik irudi hori gogoan nuen eta berehala etorri zitzaidan burura», esan du Peñalverrek. «Lau irudi hartu nituen: Harri gainean egindako pieza; Gasteizko Jesus Alonso arkeologia marrazkilariak, kalkoan egindako irudia, interpretazio gabe; Eta, hirugarren bat, non kale nagusi eta kale estuagoak izan daitezkeenak laranjaz margotuta ageri diren; Azkeneko irudi batean, aurreko bi irudi horien gainean jarri nuen Nafarroako Corteseko planoa, gainjarrita. Niri iruditzen zait argi eta garbi azaltzen dela hori hiri planoa izan daitekeela».

Beste hipotesi bat ere planteatzen du Peñalverrek, hau da, lursail bereizien irudikapena izatea, non marka desberdinen bidez adierazita dauden jabetzak, labore motak edo bestelako aspektu batzuk. Herrixkaren alderdiren baten irudikapena izango balitz, orain arte aurkitu den garai hartako kasu bakarra izango litzateke.

Nolanahi ere, herrixka horretako harrietan egindako trazadura linealek erakusten dute bertako biztanleek «konplexutasun eta abstrakzio maila handia» zutela, eta agertzen diren mezuek, oraingoz argi eta garbi itzuli ezin badira ere, interes handiko mundu bat iragartzen dute.

Denis Itxaso, Gipuzkoako kultura diputatuak aurkikuntzaren berri emateko agerraldian esan zuenez, «azken urte hauetan aurrerapenak egin dira, hala nola etxebizitzei, eraikitzeko moduei, etxebizitzen kokapenari, bizimoduari, elikadurari, jantziei eta bestelako xehetasunei dagozkienetan. Informazio horrek balio du, besteak beste, kontrastatzeko erromatarrek eman nahi izan zuten ideia, jende basati eta garatu gabearena. Basagain eta azken urteetako aurkikuntzak horren adierazgarri dira».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!