«Iruditu zitzaidan oso ondo antolatutako indusketak zirela hauek»

Jon Miranda Labaien 2018ko ira. 16a, 12:32

Historia ikasketak bukatu berri ditu Malagako unibertsitatean eta irailean arkeologia masterra egiteko asmoa du Antonio Villegas Vegak (Fuengirola, Espainia, 1995).

Nola jakin zenuen indusketa hauen berri?

Interneten begira aritu nintzen eta Aranzadi Zientzia Elkartearen inguruko informazio asko topatu nuen. Izena eman nuen eta etortzeko hots egin zidaten.

Aurrez izan al duzu esperientziarik aztarnategietan?

Bai, nire herrian hiru hilabetez aritu nintzen lanean. K.a. VII. mendetik erromatarren garairaino, Augusto enperadorea bitarteko eperaino hartzen zuen aztarnategiak.

Bereziki Burdin Aroan baduzu interesa?

Garai historiko ezberdinetan ikertzeko interesa dut eta iruditu zitzaidan oso ondo antolatutako indusketak zirela hauek. Muñoaundin jardun nuen Azkoitian, uztailean, hiru astez. Hura ere aztarnategi handia da eta Aranzadi Zientzia Elkarteko taldearekin aritu nintzen. Oso esperientzia aberasgarria izan da.

Zer iruditu zaizu Basagaingo herrixka?

Oso ondo. Euria egin digu lehen egunetan, baina iruditu zait oso eremu zabala dagoela ikertzeko. Harresiaren ondoan egin dut lana eta gustura jardun dut.

Nola antolatzen duzue eguna?

08:00etan abiatzen gara gora. Eguerdi partean bazkaldu eta 16:30ak arte aritzen gara lanean. Herrira jaitsi, dutxatu eta hemen ibiltzen gara, poteoan. Auditorioan egiten dugu lo.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!