«Ikusten ez dena ez da ezagutzen, eta beraz, ez da baloratzen»

Jon Miranda Labaien 2018ko eka. 15a, 09:46

Irailean abiatu zuten lehen sektorearen inguruko lanketa eta lehen emaitza da 'Bertakoa bertatik' kanpaina. «Xumea» baino balio handikoa da alkatea eta teknikariaren hitzetan.

Herritarren kontsumo ohituretan eragin nahi duen kanpaina aurkeztu dute Anoetan. Ahoratzen ditugun elikagaiak hautatzeak dituen ondorioez jakitun izatea «ezinbestekoa» iruditzen zaie udal arduradunei.

Zergatik erabaki duzue udalean lanketa hau abiatzea?

PELLO ESTANGA: Aurreko legealditik datorren kezka bat da. Orduko hartan beste bideetatik joan zaizkigu indarrak, batez ere, hondakinen kudeaketatik. Kanpotik ikusten genuen, baserriak hutsak geratzen ari zirela, belaunaldi aldaketarik ez zetorrela eta gaur egun zeudenak adinean aurreratuta zeudela. Gerora neurriak hartzeko ere, aurrez zein errealitate dugun ezagutu behar genuela pentsatu genuen. Tolomendirekin harremanetan jarri ginen eta baliabide batzuk jartzeko prest geundela esan genien. Urtebeteko lanaldi osoko dedikazio bat beharko zela esan ziguten eskualdeko landa garapen elkartetik eta horrela hasi zen Maddi Sarasola lanean.

MADDI SARASOLA: Iazko irailean hasi nintzen lanean, lehenengo sektorearen, landa lurren eta baso lurren azterketa bat egiteko. Azterketa horretatik, sektorea bultzatu edo sektoreari ikusgarritasuna emateko neurri batzuk hartu nahi zituen udalak, eta beraz, urtebeteko plangintza bat aurreikusi genuen horretarako, lan hori egiteko.

P.E.: Aurrena gutun bat bidali genien baserritar eta lurjabe guztiei eta banan-banan elkarrizketak hasi aurretik, bilera batera deitu genituen. Gure asmoa zein zen azaldu eta elkarrizketa batzuk egitera teknikari bat azalduko zitzaiela esan genien. Haiena entzun eta gero eta haiekin adostuta hartu nahi genituen aurrera begirako neurriak.

M.S.: Egin duguna izan da, lurjabe eta baserritarrekin egon. Denekin egon ez bagara ere, gehienekin egotea lortu dugu. Perfil ezberdinetakoak daude. Badaude lurra dutenak baserriari lotuta eta beste batzuk lurjabe hutsak direnak. Badaude Anoetan bertan bizi direnak eta baita kanpoan bizi direnak ere, lurra herentziaz jaso dutenak. Hutsak dauden baserriak ere badaude. Trataera, beraz, batzuekin eta besteekin ezberdina da, beharrak eta perspektibak ere diferenteak direlako.

Asko dira modu profesionalean eusten dioten baserritarrak Anoetan?

M.S.: Barazki ekoizleak hiru dira eta beste bat zuhaitzak ateratzen aritzen da. Gainera, ekoizle horietako batek, barazkiekin batera ganaduarekin aritzen da eta jogurtak, gaztak eta esnekiak egiten ditu. Gehienak dira oraindik baserri jabe direnak eta aktibitateari eusten diotenak. Kalera lanera joan eta bigarren jarduera bezala dutenak: baratza koxkor bat, ganadu pixka bat izaten dutenak, lurrak kudeatzeko modu bezala edukitzen dute. Aktibitate profesionalarekin jarraitu ez arren, ekoizten jarraitzen dutenak dira gehienak, beraien denbora librean, erretiratuta daudelako-edo lurrari euste aldera segitzen dutenak.

Zer nolako jarrerarekin egin duzu topo?

M.S.: Denetarikoak, baina oro har onak. Sektorea ez da kasualitatez iritsi gaur egun dagoen egoerara. Industrializazio garaiaren aurretik oso nekazari izaerako herria izan da Anoeta eta oraindik ere baserriari lotuta bizi da jende asko; Horiek erabat aldatzen ikusi dute herria, nekazaritza izaera hori galtzen ikusi dute. Baina ez da Anoetan bakarrik eman den joera bat, gizarte osoarena baizik. Horregatik, etsipen jarrera bat dago. Kontuan hartuta, adinean sartutako belaunaldi bat dela, horiek galdetzen dute 'eta orain zer?'. Nahiz eta jarrera positiboa eduki eta egon naizen baserritar guztiekin gustura eta luze eta zabal hitz egin, galdera hori egiten dute: 'zer egin daiteke hemendik aurrera?'

Orain aurkezten duzuen kanpaina honek balioko du etorkizunerako bidea markatzeko?

M.S.: Ez da herriko sektorea salbatzera etorriko, hori argi dago. Nik uste, garrantzitsua izango dela fokua berriz ere baserriei begira jartzeko. Aurretik zerbait egiten saiatu den bakoitzean, modu isolatuan egin da. Baina modu horretan eragitea oso zaila da. Herritarrekin batera beste lanketa bat egin beharra zegoela konturatu ginen. Baserri hutsak gelditzeak, jarduera hori bertan behera geratzeak zein ondorio ekarriko dituen ohartarazi nahi genuen. Ez da soilik ahora sartzen duguna, baizik eta horrek atzetik dakarren kate guztia.

P.E.: Kontzientziak piztu nahi ditugu. Elikatzeko garaian, osasuna kontuan hartzen dugu, baina aldi berean, bertakoa kontsumituz gero ekoizleak suspertzen baditugu, eta ekoizle horiek bertako merkataritzan produktuak saltzen badituzte, zirkulua itxita dago. Besterik ez bada, horretarako balio behar du lanketa honek. Pauso bat da kanpaina. Neurriak ez badira azpitik datorren mugimendu bati erantzuteko hartzen, bide motzeko erabakiak dira.

Lehen sektorean aritzen direnei aitortza bat egitea da proposatzen duzuena.

M.S.: Ingurunea zaintzan, ekonomian eta maila sozialean baserritarrek egiten duten ekarpen horri aitortza bat egitea da helburua. Lehenengo pausu bat da hori. Bukolikotasun horretatik ateratzeko modu bat ere bai. Baserriaz modu nostalgikoan hitz egin dugu sarritan. Badirudi baserria hiltzen uzten badugu, gure nortasunaren zati bati hiltzen utziko diogula. Eta baserria ez da hori bakarrik, hori baino askoz gehiago da. Erdigunean jarri nahi dugu gutxietsita egon den errealitatea eta jendea horretan pentsatzen jarri nahi dugu. Anoeta nolakoa izango da 30 urtera, aktibitate hori guztia desagertzen bada? Prest gaude, herriko larreak desagertzen ikusteko eta dena baso bihurtuta ikusteko? Akaso egongo da jendea horrekin konforme dagoena, baino jakitun izan gaitezen daukagun paisaiaren atzean zer nolako lana dagoen.

Garraiobideetatik etortzen zaizkigu elikagai asko eta asko gaur egun. Urrunetik datorren horrek ez gara konturatzen zer nolako arrastoa uzten duen. Tokira egokitutako arraza eta hazi barietate batzuekin ere egiten da lana bertan eta horiek galtzeko arriskua dago. Ekonomia dibertso batez hitz egin nahi dugu. Egon dadila bigarren sektorea, baina baita ere lehen sektorea eta hirugarrena. Bertako produktuak sustatzeko kanpaina honekin, erabaki genuen ezin genuela aukera pasatzen utzi eta herriko merkatariekin lan egin behar genuela. 2.000 biztanle izan arren, nahikoa merkataritza indartsua dago eta produktuak saltzeko modu zuzen bat eduki genezakeela ikusi genuen.

Gaur egun herriko ekoizleek non saltzen dituzte euren produktuak?

P.E.: Badira Villabonako azokan, Bretxan eta Tolosako azokan saltzen duten herriko ekoizleak eta baita herriko saltokietan ere salgai jartzen dituztenak. Hor, hala ere, ahalegin handiagoa egin daitekeela ikusi genuen.

M.S.: Lanketa planteatu da triangulu bat bezala, elikadura katean parte hartzen duten ekoizle, kontsumitzaile eta merkatariekin. Orain dendetan arbel eta txartel batzuk egongo dira, non adieraziko den produktu hori nongoa den, ikusgarritasuna eta balioa emateko ekoizten denari.

Eskuorri bat prestatu duzue etxez etxe banatuko duzuena. Zer azaltzen duzue bertan?

M.S.: Eskuorri batzuk banatuko dira. Alde batetik organigrama bat egongo da ekonomia zirkularra zer den azaltzen duena eta beste aldean, biolurrekin elkarlanean haiek argitaratu duten garaiko produktuen egutegi bat azalduko da. Jakinarazi nahi dugu bertako produktu bat bertako dendetan erosteak, produktuari balio erantsi bat ematen diola. Horrela eginez gero zuzeneko harremanak bultzatzen dituzu, jakin dezakezu produktu horren atzean zer dagoen, zeinek ekoitzi duen. Ekoizleen duintasuna dago atzean.

P.E.: Heziketa nahi bat badago. Adibidez, produktu bat izan daiteke ekologikoa nahiz eta Txiletik ekarri. Kasu horretan, ordea, ez da jasangarritasuna bermatzen. Azken batean da, kontsumitzaileek preziotik eta zigilutik harago erosteko garaian argi bat piztuta edukitzea. 'Erostera noan horren atzean zer dago?', galdera hori behintzat plantea diezaiotela beren buruari.

Zer nolako lanketa egin duzue Anoetako Herri Ikastolarekin?

M.S.: Lanketa honekin konturatu ginen oinarria sortzen saiatu behar ginela eta ikastolarekin lankidetza polita izan da. Inoiz baino inplikatuago ikusi ditugu. Baserritako bisita gidatuak antolatu genituen duela hilabete pasatxo. Beraiengandik atera zen ideia. Hori eta baita gehiago ere: egutegirako argazki lehiaketarako gaia lehen sektorea izatea proposatu ziguten eta garaiko produktuen berri ematen zuen egutegi bat argitaratzea. Ontzat eman genituen proposamenak eta bisitak, adibidez, haiek dinamizatu zituzten. Haiek proposatutakoa izateak eman zion balioa ekitaldiari ere. Egun horrek balio izan zuen, jendearen interesa bazegoela jakiteko eta konturatu ginen jendeak, oro har, ez zekiela zer ekoizten zen baserrietan. Orduan jabetu ginen prestatuta geneukan kanpainaren beharra bazegoela. Anoetarrek ez dakite, herriko ekoizleen produktuak erosi daitezkeela herriko dendetan.

P.E.: Lurrak hor geratzen dira. Edo lantzen dituzu edo ez. Lur horri etekin bat ateratzek, bi aukera ikusten ditut: edo norberak lantzen ditu edo beste batentzat lan egiten duzu. Hirugarren aukera bat ere badago, lurrak bere horretan uztea, ezer egin gabe. Norberak landu nahi baditu lurrok, baldintza duinak behar ditu, hori behintzat bermatu behar zaio ekoizleari.

M.S.: Bai, hala da. Ekonomia da, eta beste aspektu asko ere bai: ekologia, gizartea eta kultura ere ekoizten dute baserritarrek.

'Bertakoa bertatik' izena jarri diozue kanpainari.

M.S.: Bai, kartel ezberdinak jarriko ditugu, herriko ekoizpena ikusgarri egingo dutenak. Gaur egun bereizi gabe saltzen dira herriko zenbait saltokitan. Badira herritarrak kontsumitzen dutenak eta ez dakitenak aldameneko baserriko produktua jaten ari direnik, eta badira nahiko luketenak, baina aukeraketa horretan konturatzen ez direnak. Azkenean, ikusten ez dena, ez da ezagutzen eta ez da baloratzen.

P.E.: Hiru dira herriko saltokiak bertako produktuak saltzen dituztenak eta kanpaina ere komertzio horietan burutuko dugu.

Bat egiten al du kanpainak eskualde mailan garatzen ari den egitasmoarekin?

M.S.: Anoeta mailako lanketa egin dugunez, hori bultzatu dugu baina gure herriak bat egin du Tolomenditik bultzatutako Jan Tolosaldea proiektuarekin. Eskualde mailako ikuspegia edukiko duen egitasmoa da. Km 0 filosofia da, azken batean, 100 kilometro inguruan ekoizten dena kontsumitzeko filosofia. Herrian ekoizten denarekin bakarrik, ezin zaio herriari jaten eman, hrtaz kontziente gara, baina ingurura jo dezakegu horretarako.

P.E.: Guk ere irizpide batzuk markatu nahi ditugu aurrera begira. Herrian antolatzen diren ekitaldietan zeharkako gai bat izan dadila hau guztia. Gaur egungo udal taldea kontzientziatuta dago gai honekin, baina etorkizunean etorriko direnek ere izan dezaten jarraitzeko gidalerro bat.

Ez zarete hutsetik abiatzen, hala ere.

M.S.: Egia da. Guk Euskal Jaiaren inguruan egin dugu lanketa aurretik ere. Herri mugimenduetatik eta udaletik ere saiakera egin da, herri bazkariak antolatzerakoan herriko dendetan erosi eta erosten den hori herriko ekoizleen produktuak izan daitezen. Euskal Jaia ez da azoka soil bat, jende asko mugitzen da antolaketan boluntario gisa, eskolan tailerrak antolatzen ditu jaiaren bueltan eta jendeak asko estimatzen du egun hori.

P.E.: Arrastoa uzten du Euskal Jaiak herrian, egiteko modu batzuk markatzen dira eta begirada aldatzen hasten denean, beste ekitaldietarako ere bi aldiz pentsatzen dituzu gauzak.

Kanpaina hasterako balorazio bat egin dezakezue?

P.E.: Egitasmo honi esker jarri ditugu harremanetan ekoizle bat eta merkatari bat. Saretze lan hori egin dugu, bitartekari lana egin dugu. Hori pozgarria da. Ekoizleak ikusten badu berak egindako lan horrek baduela tokia herriko komertzioan, agian animatuko da profesional bezala hastera. Edo hori ikusita, jende berria animatu daiteke nekazaritza jarduerarekin hastera.

M.S.: Baserritarrena eta merkatariena, biak ere, oso lanbide sakrifikatuak dira. Irudipena dugu bakoitza berean arituko balitz bezala aritzen dela askotan. Zubi lanak egiteko aukerak izan ditugu hilabete hauetan.

Zer nolako harrera eman diote kanpainari ekoizle eta merkatariek?

M.S.: Nik esango nuke oso gustura geratu direla. Ekintza xumea da, ez du ahalegin handirik eskatzen, baina aldi berean, errekonozimendu bat egongo da baserritarrentzat eta baita merkatari txikientzat ere. Oso positiboa izan da lana. Iraila buelta horretan, martxan jarri dituzten beste herrietako esperientziak hona ekarri nahi genituzke gertuagotik ezagutzeko.

P.E.: Proiektu honi hasiera bat eman zaio, baino pentsatu nahi dugu beste urrats batzuk etorriko direla etorkizunean. Eskaerak, baldintzak edo akuilu lanak etorriko dira gero eta horiei erantzuteko prest egongo gara udalean. Haziak jartzen ari gara eta etorkizunean jasoko ditugu fruituak.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!