Baserri biziak, denda biziak, herri bizi batean

Jon Miranda Labaien 2018ko eka. 14a, 17:11

Gaurtik aurrera, 'Bertakoa bertatik' kanpainarekin herriko saltokietan Anoetako ekoizleen produktuak identifikatuko dira

Gaurtik aurrera herriko dendetan identifikatuta egongo dira Anoetan ekoitzitako produktuak. «Herriko ekonomiagatik, baina baita herritarren arteko harreman eremu direlako eta tokiko kontsumo ereduak bultzatu nahi ditugulako ere». Horrela nabarmendu dute udaleko ordezkariek, ekoizleek, merkatariek ikastolako ordezkariek eta Tolomendikoek Bertakoa bertatik kanpainaren aurkezpen ekitaldian.

Azkeneko urtebetean lanketa egin du Anoetako Udalak eta herri erdigunetik haragoko begirada bat landu nahi izan du: «Herria bere osotasunean, lurralde ikuspegitik aztertu eta baserri inguruneak duen indarra argitara atera nahi dugu». Horregatik, ez dute lanketa baserritarrekin bakarrik egin, herritar guztiengana jo dute. «Baserriak eta herria lotzeko zer hobea elikagaietan begirada jartzea baino».

Anoetan ez dago asteroko azokarik, baina herri txikia izateko merkataritza esanguratsua du. «Herriko dendak dira herritarren eta ekoizleen arteko zubi lana egiten dutenak eta horregatik dira kanpaina honen ardatza».

Kontsumo ohiturak

Kontsumo ohituretan eragin nahi dute kanpainarekin, ahoratzen ditugun elikagaiak hautatzeak dituen ondorioez jakitun izan dadin jendea. «Ez gara osasunaz soilik ari. Bertako elikagaien atzean, herriko biodibertsitatea eta paisaia daude, bertako haziak eta animalia arrazak, urrunetik datozen elikagaien garraioaren kutsadura gutxitzea, plastikoaren erabilera gutxitzea, eta nola ez, elikagai hauek ekoizten dituztenen duintasuna».

Herri Ikastolako ikasleekin ere lanean ari da udala: «Bertan daude etorkizuneko kontsumitzaileak, baina baita ekoizle eta saltzaileak ere». Aurrera begira jarrita daude Anoetan, eta aurrekaria ere bada eskualdean. Tolomendik Jan Tolosaldea egitasmoa martxan du, batetik eskualdean zein produktu ekoizten diren eta ekoizleak zeintzuk diren ezagutarazteko, eta bestalde, merkataritza eta ostalaritzarekin loturak bilatzeko; Eskualdeko landa garapen agentziak, gainera, administrazioarekin ere jardun nahi du elkarlanean eta Anoetak emana dio atxikimendua Jan Tolosaldeari. «Adibide on bezala, besteentzeko bide urratze lana egiten ari da Anoeta».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!