Anoetako ekoizle eta kontsumitzaileen arteko zubiak eraikitzen

Ataria 2018ko maiatzaren 8a

Igandean, Anoetako baserrietara bisitak egin zituzten 55 lagunek, udalak lehen sektorea indartzeko martxan duen langintzaren barruan.

Anoetako Herri Ikastola, Jolas eta Ekin elkartea, Anoetako Udala eta herriko baserritarren arteko elkarlanaren emaitza izan dira irteera hauek. Ikastolako DBH4ko ikasleek Sarobe eta Barrundi baserrietara irteerak antolatu dituzte, herrian ekoizten dena eta baserrietako bizimodua bertatik bertara ezagutzeko asmoz.

Lehen aldiz egin den ekintza izan da eta arrakasta handia izan du, guraso eta haurren artean, 55 lagunek hartu baitute parte. Hala, herriko ekoizle eta kontsumitzaileen arteko zubiak eraikitzeaz gain, etxeko txikienek ukuiluan nahiz baratzean aritzeko aukera izan zuten. Goiza, bertako produktuekin osatutako hamaiketakoa eginez amaitu zuten.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!