«Oso pozik nago, baina nahiago nukeen saria anoetar gehiagoren artean banatu izan banu»

Iñigo Terradillos 2018ko urtarrilaren 8a

Arantxa Otaegi, Anoetako Moxtone estankoko arduraduna da. Bertan saldu dute Erregeetako loteriaren bigarren sariko dezimo bat, eta «oso pozik» dagoela nabarmendu du.

Loteriaren bigarren sariko 18.442 zenbakiko dezimo bat saldu duzu. Nola hartu zenuen albistea?
Pozik, oso pozik. Bat bakarra izan da, baina hala ere, horrelako albisteak pozik hartzen dira. Hasieran ez nuen sinistu ere egiten. Hori bai, nahiago nukeen saria anoetar gehiagoren artean banatu izan banu.

Zuk aukeratu al zenuen zenbakia?
Kasu honetan ez. Makinak ausaz emandako zenbakia izan da saritutako dezimoa. Norberak nahi duen zenbakia hartzeko aukera ere badago, beti ere libre baldin bada, baina, bestela, makinak bat proposatzen dizu. Saritutako hau horrela banatu genuen.

Badakizu nor den irabazlea?
Ez dakit nor den, ez da azaldu. Eguberriko zozketarako zuzenean guk saldu genituen dezimo batzuk; propio erosita genituen zenbakiak ziren. Baina Erregeetako loteriako zenbaki gehienak makina bidez saldu ditugu. Gainera, esango nuke, anoetarra ez den jende ugari ere ibili dela aurten loteria erosten. Beraz, agian ez da anoetarra.

Zenbat diru jasoko du saridunak?
75.000 euro jasoko ditu, nahiz eta ondoren, Ogasunak %20a kenduko dion.

Sari potolo bat banatzen duzun lehen aldia al da?
Bai. Bi urte egingo ditu otsaila bukaeran administrazioak, eta ezin gehiago eskatu. Egokitu dadila gehiagotan eta gehiagorentzat!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!