Mendizabalek Etxaniz estutu du, baina ezin izan du garaitu

Tolosaldeko Ataria 2017ko abe. 6a, 15:51

Leire Etxanizek irabazi du Emakume Master Cup txapelketako elite mailako finala, Mendizabal anoetarra 13 tantotan utziz.

Partida gogorra espero zen. Emakume Master Cup txapelketako elite mailako finalak Anoetako Maider Mendizabal eta Etxebarriako (Bizkaia) Leire Etxaniz jarri ditu elkarren aurka, eta partidako faboritoak irabazi du azkenean, Etxanizek, alegia. 22-13 utzi dute markagailua, eta pilotakada ederrak ikusteko aukera eskaini dute, ikusleen txalo zaparradak eraginez.


Sopelako udal pilotalekuan izan da finala eta harmailak jendez lepo egon dira. Sarrerarik gabe ere geratu dira asko. Bizkaitarrak hasi du partida eta lehen tantotik hasi dira luze jokatzen. Tanto luzeak eta gogorrak eskaini dituzte. Anoetarrak presarik gabe jokatu du, baina ez du asmatu. Ez du markagailuan aurrea hartzeko aukerarik izan, baina hiru tantora ere jarri da (14-11), txapelduna estutuz eta partidako unerik ikusgarriena sortuz, baina ezin izan dio martxari eutsi, eta nekea ere nabaritu zaio. Mendizabalen horma bikoa zabalera (11-7) eta 12. tantoak txalotuak izan dira.


Final ederra eskaini dute bi pilotariek. Partida bukatuta Mendizabalek aitortu du markagailuak ez duela partidaren gogortasuna islatzen, baina gogorra izan dela, «ez dut oso ondo pasa», bota du. «Tanto batzuetan arriskatu dut, baina ezin. Nire estrategia argi nuen, baina akatsak egin ditut eta hor geratu naiz. Fisikoak ere badu garrantzia eta nekeak ere berea egin du. Saiatu naiz, gantxo bat eta boleo pare bat sartu dizkiot eta kontentu», esan du.


Emakume Master Cup txapelketako 1. mailako finala Eneritz Arrieta azkoitiarrak 22-11 irabazi dio Maite Iriarte azpeitiarrari.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!