[HARMAILETATIK]: Pilotan ere, ertzetik erdira

Jexux Murua 2017ko abe. 6a, 15:55

Sopelako frontoiko harmailak gainezka direla jokatu dira Emakume Master Cup lau t’erdiko txapelketako finalak, eta izan omen dira sarrerarik gabe frontoi atarian gelditu direnak. Frontoira sartzeko zoria izan dutenei, eta etxeko sofako gozoan telebistaz ikusi dugunoi, ikuskizun oso-oso polita eskaini digute lau finalistek.

Batik bat, elite mailakoek, Leire Etxaniz etxebarriarrak eta Maider Mendizabal anoetarrak.
Galdu egin du Maiderrek, 22-13, baina berak ondo esan duen bezala, emaitza jokoaren datu hotz bat besterik ez da, erabakigarria baina. Bi joko proposamen ikusi ditugu: Leirerena, fisikoan oinarritua, eta Maiderrena teknikan. Leirerena tantoari eutsi, gutxi arriskatu eta aurkaria nekatu araztera pentsatua, eta Maiderrena tantoak laburtzera, ertzak bilatzera eta arriskatzera. Lehena atera da garaile, sasoiak irabazi dio pikarokeriari. Baina, estuagoa izan zitekeen markagailua, eta estutzen hasita, Maiderren aldera ere eror zitekeen partida.

Ez du txapel hau burura ematerik izan Maiderrek, baina hortxe-hortxe ibili da. Bi hamarkada luze pasa daramatza emakumeen pilota munduan, mundu osoan gainera, eta erreferente nabarmena da emakumeen pilota jarraitzen duten guztientzat, ezbairik gabe. Orain dela hamar bat urte harrapatu banitu! Pentsatu izango du noiz edo noiz, pilota munduan, paleta modalitatean daitekeen guztia irabazi duen emakume, ausartuko naiz esatera, ezezagun honek. Ez, behintzat, behar bezain ezaguna. Ertzean jarraitzen du. Atera kontuak, emakume pilota non eta nola dagoen.


Pilotan garrantzitsua da ertzak bilatzea, baina lekua irabazi behar da horretarako, intentzio hutsean gelditzeko arriskuak gehiago dira-eta bestela. Pilotalekuaren erdigunea hartzen duenak asko dauka irabazia. Eta erdigune benetako hori topatu beharra daukate eta ausartuko naiz hau esatea ere, gogo hori duten emakumeena da ardura, beste inork ez dio eta helduko beraiek adinako gogoz. Bestelako irudia eman badezake ere gaur  –frontoia bete-bete eginda, ETB1 zuzenean, joko ikuskizun ona, babesle handikiak eta hitz lore sorta ederrak–, ezin diogu ezin ikusia egin errealitateari, eta ertzean dago emakumeen pilota jokoa, ez eskuz bakarrik. Final hauek iragartzeko antolatu zen mahaian, pilotari protagonistak ertzetan ikusi genituen. Urrezko dominan bat irabazten ez badute ez dugu berehala jakingo zer egiten ari diren egun hauetan Uruguain jokatzen ari diren munduko txapelketetan eta Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketan, eskuz, ezin izan da alebin eta infantil mailako txapelketarik antolatu nesken mailan, talde bakarrak eman duelako izena maila bakoitzean. Pilota elkarte oso gutxiren agendan dago, hitz onez aparte, emakumeen pilota lantzeko lerroa. Eta abar.


«Pixka bat handietsi egin da... Hasiera bat dela uste dut. Ea, behintzat, jendea esnatzeko balio duen», esan berria du Maiderrek gure egunkari honetan, final hauen aitzakian egindako elkarrizketan. Bat nator. Baina esnatzea ez da aski izango, jaiki ere egin beharko dugu, ezta?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!