"Lurrak bizi gaitu, emankor delako; aterpe, ingurune eta bizibide". Horrela ekin dio hasiera ekitaldiari Maddi Sarasola anoetarrak. Ez zitzaion arrazoirik falta. Gaurkoan, Anoetako baserritarrak eta inguruko artisauak kalera irten dira, bertaratu direnei beraien produktuak erakutsi eta saltzeko asmoz. Hamar urte dira jada, festa handi hau ospatzen hasi zirela, eta aurten ere, animaliak, musika, jana nahiz edana mota guztietakoak eta guztientzat egon da eskuragarri, ikusi, entzun eta sabeleratzeko.
Barrundi, Sarobe eta Argindegi baserrietako kideek bete dituzte postuetako batzuk. Horrela, bertako kideei, agurra dantzatu diete, musika eskolako ikasleen laguntzaz. Ondoren, baserritar horiei zapia jantzi diete. Orduan, Sarasolak, atzean dagoen lana goraipatu, auzolana aldarrikatu eta Euskal Jai Batzordearen izenean, eskerrak eman dizkie lagundu duten guztiei. "Hona iristea, ezinezkoa zitekeen haien laguntzarik gabe". Ikastolako ikasleek ere izan dute beren gunea, eta pintxoak saltzen aritu dira. Ekitaldia borobiltzeko, aurtengo logo lehiaketako irabazlea izan den Joxe Ramon Egibarrek, hemendik aurrerako ikurra izango den irudia erakutsi du, bisitarien txalo artean, eta Kukuak Kantuz taldearen kantaldiaren aurretik.
Hasiera ekitaldiaren segidan, ardo zuria nahiz beltza dastatzeko aukera izan da udaletxe aurrean. Lehen esan bezala, musika entzuteko tartea ere izan da, eta kalejiran aritu dira herriko txistulariak, Giro Arte taldeko dultzaineroak eta Kukuak Kantuz abesbatzako kideak. Une honetan, herri bazkaria egiten ari dira frontoian. Arratsaldean, berriz, festan jarraituko dute anoetarrek, eta musikari, kirolak emango dio erreleboa. Arratsaldeko 18:00etatik aurrera, Anoeta eta Irurako 8 neska-mutil, Eneko Galardi eta bere astoen aurka ariko dira. Lana, 20 minututan lera ximaurrez kargatu eta ahalik eta plaza gehien egitea izango da. Amaitzeko, iluntzeko 20:00etan hasita, Fan&Go taldearen erromeriaz gozatzekoa aukera izango da.