Anoetan, Euskal Jaiaren 10. urteurrena

Tolosaldeko Ataria 2017ko urr. 4a, 10:19

Lurraren inguruan antolatu dute aurtengo festa, eta besteak beste ostiralean, Etxauzia Nafartarren Etxea Elkarteak hitzaldia emango du.

Euskal Jaiak hamar urte betetzen dituela eta, gai «orokorrago» bat hartu nahi izan dute festa antolatzeko batzordean biltzen diren herritarrek: lurra. Maddi Sarasola batzorde kideak aipatu duenez, «lurrak aitzakia ematen digu nekazaritzaz hitz egiteko, elikagaiez, naturaz, biodibertsitateaz eta oro har kulturaz». Izan ere, «lurrari lotutako herri bat» izan da beti Euskal Herria eta bere adierazpide guztiak hartu nahi dituzte kontuan aurtengo Euskal Jaian: hizkuntza, herri kirola, dantza...

Igandeko jai egunaren aurretik beste bi ekitaldi antolatu dituzte. Herenegun, Akabo martxea dokumentala eskaini zuten eta etzi, ostiralean, Etxauzia proiektuaren inguruko aurkezpena egingo dute. Tolosaldean egingo den lehena izango da eta Anoetako herriak proiektuari ekarpena egiteko baliatuko dute ekitaldia.

Bestalde, igandean azokaren erdigunean jarriko den postuan, hazi tailerrak eta lurrarekin lotutako ekitaldiak egingo dira. Gainera, bederatzi urte hauetako azoketako irudiak eta bideoak erakutsiko dituzte Zimiterioan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!