Kattalin Saint-Marie: «Pentsatu genuen orain zela aukera gaztelua herritarrentzat erosteko»

Tolosaldeko Ataria 2017ko urr. 4a, 10:23

Soziologia ikasketak eginak ditu Kattalin Saint-Mariek (Landibarre, 1992) eta orain, Etxauzia Nafartarren Etxea elkartean koordinatzaile nagusi bezala dabil. Elkarteko kideek azalpenak emango dituzte etzi, 19:00etan, Anoetako Zimiterioan.

Noiz du sorburua proiektuak?

Baigorrin bada gaztelu bat Etxauzia izena duena, herriaren erdi erdian dena. Duela hiru urte pasa, gaur egungo gazteluaren jabeek lehenik udalari eta ondoren herritar batzuei adierazi zieten gaztelua saldu nahi zutela. Etxauzia gaztelua erosteko saiakerak izan dira historian zehar eta orduan pentsatu genuen orain zela aukera gaztelua herritarrentzat erosteko. 2015ean sortu zen horretarako elkartea. Ez gaztelua erosteagatik erosteko, baizik eta herritarrentzat eta Euskal Herriarentzat baliagarri egiteko.

Zein historia du Etxauzia gazteluak ?

Lehen aztarnak, 1200 urte ingurukoak dira eta ia mila urte ditu. Nafarroako erresuman, bizkonde ezberdinen etxea izan zen, beraz, garrantzia handia izan du. Bigarren mundu gerlan, esaterako, alemanek okupatu zuten eta XX. mende hasieran Henri d'Abbadie zinegilea gazteluko jabe zela, hark gonbidatuta Charles Chaplin hiru udalditan etorri zen Baigorrira, Etxauzian ostatu hartzera. Gazteluak baditu pasadizoak, harrigarriak eta irrigarriak horietako asko.

Hala ere, ez duzue gaztelua soilik Euskal Herriko historia interpretatzeko zentro bat izatea nahi.

Gure elkartearen lema eta proiektua ondo laburbiltzen duena, zabal eta bizi da. Gaztelua zabaldu nahi dugu eta biziarazi. Baina, era berean, dinamika bat gehiago eman nahi diogu gure eskualdeari gazteluaren bidez. Kultur mailan, zentro gisa erabili nahi dugu eta Euskal Herriko kultur gune eta museoen zirkuitu barruan sartu, mendialdera kontzertu, ikusgarri eta erakusketa ezberdinak ekartzeko. Eta gero, ekonomia mailan indar bat eman nahi diogu garapen ekonomikoa bultzatzeari. Lantegien elkarte edo sare bat osatu nahi dugu, harremanak truka ditzaten euren artean. Formakuntzak bultzatu eta elkar laguntzeko gunea izango da Etxauzia.

Zein egoera ekonomikoa bizi duzue Behe Nafarroan?

Laborantzak pisu handia du eta gazta edo ardo kooperatibak dira nagusi. Eraikuntzak badu pisua, igeltsero asko baitago bertan eta zerbitzuak datoz ondotik. Biziberritzea beharrezkoa dugu.

Diaspora ere gogoan izan duzue proiektu honetan.

Hemen gehienek badugu norbait Ameriketara joana eta horiek ere nahi ditugu gurekin. Etxauzia Ama Euskal Etxea izatea nahi dugu eta diasporatik Euskal Herrira datozenean izan dezatela leku bat, non harrera egingo zaien. Lagunduko diegu, genealogian beren arbasoak eta sortetxea bilatzen.

Euskararen inguruan ardaztutako proiektua izango da zuena?

Topaleku bat izatea nahi dugu Euskal Herriko eragile eta aktore ezberdinen artean. Sareak indartzeko gune bat izatea gustatuko litzaiguke. Bistan da proiektu guztia euskaraz gauzatu dugula. Baigorri eskualde euskaldunean dago, baina bada oraindik euskararen presentzia indartzeko beharra eta gazteluak horretan lagunduko duela espero dugu.

Zenbatean saltzen dute gaztelua?

Miloi pasa dela bai, baina ezin dugu sobera komunikatu. Oraindik ez gara hasi eztabaidan zenbatean salduko duten. Hasierako helburua ahalik eta diru gehien biltzea da eta geroago kontratu bat zehaztea jabeekin.

Orain arte zer nolako sostengua jaso duzue?

2016an Euskaldun bat euro bat kanpaina egin genuen eta lehen aldia zenez, animaleko sostengua jaso eta 100.000 euro baino gehiago bildu genituen. Beraz, Etxauziaren bizilagunen sare bat abiatzeko baliatu genuen. Orain bigarren kanpaina bat abian dugu, zabal eta bizi, proiektua zehazten joan eta indarrez segitzeko. Egun hauetan bukatuko da kanpaina, baina laguntza ekonomikoa ematen jarraitu ahal izango du jendeak.

Lagundu nahi duen jendeak nora jo dezake?

Badugu webgune bat www.etxauzia.eus eta bertan eman ahal da dirua txartelarekin. Ez da gastu gehigarririk. Kontu korrontearen zenbakia eta dirua bidaltzeko helbide bat ere jarri ditugu. Etzi, Anoetako aurkezpenean zuzenean dirua emateko aukera izango da.

Nola antolatzen zarete Etxauzia elkartean?

Administrazio kontseilu bat bada, eguneroko erabakiak hartzeko, baina gero lantalde ezberdinak ditugu proiektuaren ardatz ezberdinen inguruan antolatuta. Talde bat historia eta interpretazio zentroaz arduratzen da; besteak talde ekonomikoa, diasporaren ingurukoa eta kultur lantaldea dira.

Nola animatuko zenuke jendea Anoetara?

Ahal duena gerturatu dadila, galderak pausatzeko aukera izango baita bertan. Eta Baigorrira ere animatu nahi dut jendea, gaztelu ederra ikusi eta euskaldunen arteko sare hori osatzen joateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!