Kataluniari babesa ematen dion mozioa onartu dute Anoetan

Ataria 2017ko irailaren 26a

Anoetako Udalak EH Bilduk proposatutako Kataluniarekin bat, demokraziarekin bat mozioa onartu du.

Urte luzeetako prozesu baten baitan eta herritarren gehiengo baten eskariari ateak irekiz, etorkizuna libreki erabakitzeko bitarteko demokratikoz hornitu du Kataluniako herriak bere bidea. Kataluniako instituzio nagusiek herritarren nahiei bide emateko erabaki irmoa hartu dute.

Katalunian herritarren borondatearen eskutik eman diren urratsek, "Madrilen aldetik indarrean, mespretxuaren eta zaharkitutako legeen ustezko arrazoiarekin erantzun da", mozioan aipatzen denez. "Bide demokratikoen aurkako eraso larri hauen aurrean, Anoetako udalak zilegitasun osoa aitortu dio Kataluniako parlamentuak egingo duen autodeterminazio erreferendumari. Izan ere, "libreki adierazitako herritarron borondatea da tresna politikorik eraginkorrena edozein herri edo kolektiboren etorkizuna eraikitze".

Honenbestez, Anoetako Udalak salatu eta arbuiatu egin ditu parlamentaren erabaki burujabeen aurka Espainiar estatutik burututako erasoak, "Madrilgo gobernua, epaitegia eta Auzitegi Konstituzionala ezin direlako Kataluniako herritarren gehiengo zabalak adierazitako borondate demokratikoaren gainetik jarri". Aldi berean, udalak salatu du Kataluniako alkateak deklaratzera deitzea eta deitoratu egin du alkateak inputatzea.

Salaketak egiteaz gainera, Euskal Herria, Katalunia eta munduko gainerako herrietan, herritarren borondate askean oinarritutako prozesu politikoen alde egiteko konpromisoa hartu du Anoetako udalak eta iragarri du, urriaren 1eko emaitzak errespetatuko dituela. Gainerako instituzio eta eragileei berdina egitea eskatzen die.

Urriaren bateko galdeketa bitarte udaletxeko balkoian estelada jartzea onartu du udalbatzak, Kataluniako instituzio eta herritarrei babesa adierazteko asmoz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!