Euskara 'praktikatu eta bizi'

Jon Miranda Labaien 2017ko ira. 15a, 09:41

Udalarekin elkarlanean AEK-k mintzalaguna egitasmoa jarriko du martxan Anoetan aurtengo ikasturtean zehar.

Herriko giroa euskalduntzeko helburuarekin talde eragile bat ari da lanean Anoetan. Azkeneko euskararen kale erabileraren neurketaren emaitzak kezkatuta abiatu dute hausnarketa, Bakarne Olano euskara zinegotziak aipatu duenez: «Anoetan iaz behatu ziren elkarrizketen %57,7 izan ziren euskaraz, baina bilakaerari begiratzen badiogu, azken hamar urteetan 11,5 puntutan jaitsi da erabilera. Kezkatzekoa dela iruditzen zaigu».

Uemak eta Galtzaundik gidatuta urtea amaitu aurretik bizpahiru bilera egin nahi ditu talde eragile horrek, «nola gauden, zer gertatzen ari den eta zergatik pasatzen den jakiteko eta behin hausnarketa bideratuta, euskararen erabileraren beheranzko joera hori iraultzeko neurriak proposatzeko», adierazi du Idoia Olano, Anoetako euskara teknikariak. Neurrietan lehena, AEK-tik proposatu dieten mintzalaguna programari heltzea izan da. Andoaingo euskaltegian (943 59 17 04) edo Anoetako udaletxean (943 65 12 00) eman daiteke irailean zehar izena.

Harreman sareak, euskaraz

Sei bat urte dira Andoainen esperientzia martxan jarri zutela bertako udalarekin elkarlanean. Noelia Lataburu, Tolosaldeko AEK-ko arduradunak azaldu duenez 53 lagun dabiltza han mintzalaguna programan eta izan duen «arrakasta» ikusita ekimena Anoetara ekartzea erabaki dute. «Udalak duen kezka horrekin bat egiten dugu eta Anoetan euskaraz hitz egiteko aukera gehiago sortu nahi dugu; euskaldunok hobeto elkar ezagutzeko aukera ematen du mintzalaguna proiektuak, eta gure artean euskaraz hitz egiteko ohitura hartzeko bidea zabaltzen du. Ez dira eskolak, jende berria ezagutuz euskara hobetzeko modu atsegina baizik». Astean ordubetez gustuko ekintza bat eginez.

Bidelagun bat, hiru-lau bidelarirekin. Hori da tamaina egokia. Bidelariak, euskaraz hitz egiteko zailtasunak dituztenak dira, «berdin dio euskaltegiko ikasle diren edo ez», dio Lataburuk, «hori bai komunikazio maila minimo bat eskatzen zaie, A2 bukaeran edo B1 hasieran dagoen ikaslearen maila beharko du». Bidelagunak berriz, eguneroko bizitzan euskara erabiltzen dutenak dira, euskararekin eragozpenak dituztenei laguntza emateko prest daudenak, «ardura guztia ez baita ikasten ari direnena, euskaldun zaharrok ere asko egin dezakegu herriko giroa euskalduntzeko».

Bat dator Anoetako euskara zinegotzia: «Herriko euskaldunen arteko harreman sarea handitzeko eta indartzeko aukera bezala ikusten dugu mintzalaguna proiektua. Horrela denok izango dugu aukera aldi gehiagotan eta jende gehiagorekin euskara erabiltzeko». Ideia berretsi du euskara teknikariak: «Anoetan jende askok daki euskara. Ulertzeko eta zerbait esateko gai da ia jende dena eta hori bideratuko duten espazioak bideratuko ditu mintzalaguna egitasmoak. Nire iritzian, orain arteko larridura horiek alde batera utzi eta naturaltasun handiagoarekin bizi behar ditugu baita elkarrizketa elebidunak ere. Euskara alde batera utzi gabe, elkar uler dezakegu».

Gurasolagun izateko aukera

Mintzalagun egitasmoaren aldaera dena ere jarri nahi dute martxan Anoetan Herri Ikastolarekin elkarlanean. Bakarne Olanok adierazi duenez, «ikusitakoa ikasten dute umeek eta euskararen transmisioan eten bat egon ez dadin, garrantzitsua da gurasoek elkarrekin euskaraz hitz egiteko ohitura hartzea, eskola atarian, parkean, plazan edo patioan». Dagoeneko gurasolagun egitasmoan eman daiteke izena Anoetako Herri Ikastolan.

Tolosaldeko AEK-tik jarraipena egingo diete egitasmoei, nahiz eta Lataburuk aipatzen duenez, «behin martxa hartuta taldeak autonomikoki funtzionatzen duten». Hori bat, euskaltegitik eta Anoetako Udaletik ahalegina egingo da ikasturtean zehar ekintza sortak antolatzeko. Horietako batzuk gurasoentzat izango dira, umeekin batera egin ditzaten eta beste ekintzetako batzuk herritar guztientzat zabalduko dituzte: sukaldaritza tailerrak, dantza saioak, herriko talogileekin egingo den saioa... Asmoa, «aisia euskaraz egin daitekeela frogatzea da», Latabururen esanetan.

«Pauso bat izan dadila herri giroa berotzeko eta euskalduntze bidean urrats bat emateko», dio Idoia Olanok. Anoetako euskalgintza trinkotu eta euskararen alde herritarrak lanean jartzeko bidea abiatua dute.

Erlazionatuak

Erreferentziazko euskaltegia, Andoainen

Jon Miranda Labaien 2017 ira 15 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!