«Ume hauen irribarreak asko balio du»

Ataria 2017ko martxoaren 22a

Pasa den urtean lehenbizikoz hartu zuten parte Alazne Ruiz eta Egoitz Luisa anoetarrek Oporrak Bakean ekimenean, 10 urteko Nourdine haur sahararra euren etxean hartuz, bi hilabetez.

Lehendabiziko aldiz atera zen pasa den urteko udan Nourdine Aljerian kokatutako errefuxiatuen kanpalekuetatik. Eta segituan egokitu zela gurera gogoratzen du anoetar bikoteak: "Hizkuntza ere segituan hartu zuen, astebetera ederki moldatzen ginen euskaraz".

Aurten bigarrenez izango da Anoetan, eta etortzeko irrikaz dagoela esaten die dagoeneko bere bigarren familia deneko kideei. Anoetarrak ere gogotsu jasoko dute Nourdine bigarren urtez. Hala, herritarrak animatu dituzte Oporrak bakean ekimenean parte hartuz haur saharar bat udan bi hilabetez etxean hartzera, "esperientzia oso polita eta aberasgarria" delako.

MArtxoaren 31ra arteko epea dago Oporrak bakean ekimenean izena emateko. Bestalde, ekimenaren inguruan inormazio gehiago jaso nahi duenarentzat bi saio antolatu dituzte Tolosaldea Sahararekin elkartekoek. Ostiralean izango dira biak. Lehena Anoetako plazan, 17:00etan, eta bigarrena, Tolosako Kultur Etxean, 18:30ean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!