Dena prest asteburuan IX. Euskal Jaia ospatzeko

Ataria 2016ko urriaren 3a

Asteburuan egingo dute festa eta besteak beste Kukuak Kantuz taldeak kantujira antolatu du herrian zehar.

Bezperan hasiko dituzte ospakizunak, 20:30ean Mariren jaitsiera egingo baitute Isastitik, jentil eta sorginekin. Amaieran, suaren inguruan dantza egingo dute plazan.

Igandean, eskualdeko baserritar eta artisauen azoka izango da, 10:00etatik 14:00etara eta horren bueltan ekitaldi ugari egingo dituzte. Aurten euskal mitologia eta sendabelarren inguruko festa izango da eta beraz, Nola egin ukenduak sendabelarrekin izeneko erakustaldia izango da 11:00etan eta ordu berean, euskal mitologiari buruzko tailerra egingo dute haurrentzat. Jaiaren aurkezpena, eguerdirako iragarri dute.

Eguerdian herri bazkaria izango da frontoian eta bertara joateko sarrerak salgai dira dagoeneko. Bazkalostean, 18:00etan, Aiko taldearekin plazako dantzak egingo dituzte eta ondoren, Ingo al deu? taldearekin erromeria izango da 20:00etan. Herriko talogileak ere bertan izango dira.

Kantujira herriko taldearen eskutik

Anoetan osatu den Kukuak Kantuz taldeak hitzordua egin du, igandean, 12:00etan herriko plazan. Herrian zehar kantuan ariko dira Euskal Jai egunean.

Entsegu bat ere antolatu dute, ostegunean, urriak 6, 20:00etan herriko liburutegi zaharrean.

Igandean, baserritarrez jantzita azaltzeko deia luzatu du Euskal Jai batzordeak. Anoetako Udalaren eta Anitz dantza taldearen laguntza izan du batzordeak, besteak beste, igandeko festa antolatzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!