Anoetako Festak 2016

Bluxapolar kuadrilla irabazle kuadrillen arteko jokoetan

Maier Ugartemendia 2016ko maiatzaren 21a

Krosarekin hasi dute eguna Anoetako jaietan, baina eguerditik aurrera kuadrillak izan dira jaun eta jabe herrian; Anoetako talde feministak ere kuadrillen eguna aukeratu du aurkezpena egiteko

Ofizialki asteazkenean hasiko badira ere Anoetako Korpus jaiak, asteburua ospakizunetan barneratuta pasako dute kukuek. Atzo, Haria ikuskizuna izan zen Anoetako Anitz dantza taldearen eta Loatzo musika eskolaren eskutik, kiroldegian.

Gaur, berriz, kirolarekin hasi dute eguna, haur eta helduen krosa izan baita (ikus argazki galeria). Baina, eguerditik aurrera kuadrillak izan dira protagonista Anoetan. Txupinazoan Sardekiten kuadrilla izan da pregoilari lanetan aritu dena, eta ardiak eta guzti azaldu dira plazara. Bazkariaren ostean, jokoen txanda izan da. Originaltasuna eta umore ona, azpimarragarri arratsaldeko tarte horretan. Originaltasunaren proba, arrautzen jaurtiketa, silla joko nahastua, zerbeza biltzea...

Azkenean, jarraitzaile talde sutsuena zuen Bluxapolar kuadrilla izan da jokoetako irabazlea; animorik ez zaie falta izan herriko txikienengandik behintzat.

Hala ere, oraindik badute zer ospatua Anoetako kuadrillek. 21:00etan kuadrillen afaria izango da frontoian eta 23:30ean Dj Bull plazan.

ANOETAKO TALDE FEMINISTAREN AURKEZPENA

Anoetako kuadrilla eguna aprobetxatuz, Anoetako talde feministan aurkezpena egin du gaurkoan. Badia hiru hilabete inguru biltzen hasi zela taldea eta hainbat ekintza prestatu dituzte herriko festei lotuta.

Lehenengo eta behin, kuadrilla eguneko jokoak aprobetxatuz, "inolako eraso sexistarik" ez zutela onartuko adierazi dute, eta herriko festak "denon gozamenerako espazioa" izango direla aldarrikatu dute. Gainera, aldarrikapenarekin bat eginez, argazki jendetsu bat atera dute herriko kuadrilla guztiek.

Bestalde, "eraso sexistan aurkako protokoloa" jarri dute martxan herriko tabernariekin elkarlanean: "Norbait erasotua sentitzen bada, argi utzi nahi dugu eraso hori salatzeko legitimitate guztia duela. Erasorik identifikatuz gero, tabernako argik piztu eta festa geldituko da erasotzailea festa girotik kanporatu arte".

Biharko egitaraua:

Maiatzaren 22a, igandea, DANTZARI TXIKI EGUNA

10:00 Eskualdeko herrietako dantza taldeen kalejira.
12:00 Mokadutxoen dastaketa plazan. Zero Zabor filosofiari jarraituz, ekarri zure tupperra etxetik, pintxoak etxera eraman nahi badituzu.
12:30 Dantza taldeen emanaldia plazan.
18:00 Anitz dantza taldearen emanaldia plazan.
19:00 Kantaldia: Aire Ahizpak plazan. Orbinox enpresak diruz lagunduta.
Ondoren, taloak dastatzeko aukera izango da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!