«Partida amaierako momentu horiek oso politak izaten dira»

Asier Imaz 2016ko api. 5a, 11:45

Xabier Tolosa gimnasioan, txapela belaunean duela

Binakako Promozio Mailako Txapelketako bigarren txapela irabazi du Tolosak, Gorka lagun, Agirre-Larunberi 22-11 irabazita.

Txapeletan lo hartzeko ez dago Xabier Tolosa (Anoeta, 1995). Larunbatean, finalaren ondoren, astelehenean elkarrizketa egiteko hitzorduak bi baldintza zituen: goizean unibertsitatea eta arratsaldean entrenamendua. Epe laburrera, estelarretan burua sartzea gustatuko litzaioke anoetarrari. Lehen aukera igandean izango du, Eibarko Astelenan, Gorka lagun, Retegi-Zabaletaren aurka.

Iaz lehena, larunbatean bigarrena. Bi finalak nola jokatu dituzun ikusita, agian, bigarren hau bereziagoa?  
Oso maila oneko finala izan zen. Gorka eta biok oso ondo konpondu ginen. Pertsonalki, maila oso onean ibili nintzela uste dut. Poza, agian, aurrenekoak gehiago emango zidan, baina hau berezixoagoa izan daiteke: bi aldiz txapela irabaztea ez da erraza, eta gainera, berriro Larunberen aurka. Pike moduko bat bazegoen, sanoa noski, eta alde horretatik ere berezia izan da. 

Labriten, partida amaieran, ametsetan bezala zinen.
Herritik jende asko mugitu zen. Partida bukatzean kantxara jaitsi ziren, oihuka eta kantuan. Horiek oso momentu politak izaten dira. Denak oso pozik ikusten dituzu, eta zoriontzen. Azkenean elkarrekin argazkia atera genuen.

Gorkaren jarraitzaileek ere zurekin ospatu zuten.  
Batzuk asko pentsatu gabe hartu ninduten. Besoetan altxa eta gora botatzen hasi ziren.

Eta gora eta behera airean zinenean, zer entzun zenuen?
Halako batean batzuk beheran entzun nituen: Ostias! Este pesa mucho! esanaz. (Barreak). Gorkarekin baino komeria gehixeago izan zuten nirekin.

Eta ondoren, ospakizunak gaztetxekoekin Lesakan.  
Aspalditik plana egina zegoen. Lesakan Gazte Eguna zen, eta Anoetako Gaztetxekoak gonbidaturik geunden. Herriko gazte asko goizetik joan ziren Lesakara, bertako ekintzetan parte hartzera. Arratsaldean Iruñera etorri ziren, eta gauerako motibazio ona irabazi genuen. Finala bukatu eta denok Lesakara joan ginen. Egun oso polita izan zen.

Laguntasuna aipatu duzula, Gorkarekin lortu duzun erlazioa ere ez dago parametro horietatik hain urrun.
Elkarrekin asko jokatu gabe ginen, eta ligaxka hasieran kosta egin zitzaigun. Ondo ulertzeko partida pare bat elkarrekin jokatzea beharrezkoa izaten da. Gero bera errioxarra izanik, erdaraz hitz egin behar genuen, eta hor ere komeriak. Euskalduna izan balitz, agian, errazagoa izango zen. (Barreak). Ez, oso jatorra eta oso pertsona ona da Gorka. Kantxa barruan, nahiz kanpoan. Oso gustura ibili naiz berarekin. Elkarrekin ondo eramateak, gainera, jokatzeko orduan asko laguntzen du. Beti elkar animatzen ibili gara; topera borrokan.

Upategiren batera gonbidatu al zaitu?
Ez zait ardoa gustatzen, beraz, nik gonbidatu beharko dut sagardotegiren batera.  

Jokatzeko modua ere aldatu zenuten.  
Ligaxkan aurkarien hutsa bilatzera joaten ginen, tantoa ez galtzera. Baina horrela partidak irabaztea oso zaila da, eta finalerdietarako, hitz egin eta aldatzea erabaki genuen. Erasora jokatu genuen eta oso ondo irten zitzaigun. Finalean ere tantoa bukatzera joan ginen, eta partida bikaina jokatu genuen. Gorkak asko asmatu zuen, eta aurrean gailendu egin zitzaion Agirreri.

Txapela eskaintzeko garaia iritsi da. Bigarrengo hau norentzat doa?
Larunbatean Iruñeko Labrit pilotalekura gerturatu ziren guztientzat. Asko eskertzen da beraiek han izatea; asko animatu ninduten. Kuadrilakoei, lagunei, familikoei, eta batez ere, aiton-amonei. Asko jarraitzen nautelako, eta ilusio handia egin zielako.

Erlazionatuak

Zorionak, txapeldun!

Ane Urkola 2016 api 04 Anoeta

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!