Tolosak bigarrena jantzi du

Ataria 2016ko apirilaren 2a

Podioan, txapela buruan, Gorka eta Tolosa garaipena ospatzen.

Xabi Tolosak Promozioko Binakako Pilota Txapelketa irabazi du bigarrenez, Gorka errioxarrarekin 22-11 irabaziz Agirre eta Larunberi. Anoetatik eta orokorrean Tolosaldetik Labritera joan direnei eskaini die txapela.

"Gauza oso polita da bigarren urtez jarraian txapela lortzea", esan du Tolosak. Aurreko urtean Jaka lizartzarrarekin lortu zuen finala irabaztea. "Markagailuak erakusten duena baino zailagoa izan da jokoaren aldetik garaipena". Agirre eta Larunbe oso indartsu hasi dira eta 0-4 jarri dira aurretik markagailuan. Tolosak eta Gorkak lehenengo tantoa egin dutenean beren pilota jarri dute jokoan eta beste hamaika tanto egin dituzte segidan, 12-4 jarriz. Partida hor puskatu da anoetarraren eta errioxarraren alde.

Tolosak berak ere pilotaren garrantzia nabarmendu du: "Piloten artean diferentzia handia zegoen. Beraienak  bote handia zeukan eta karga gutxixeago, ez zitzaidan eskuan ondo sartzen eta pixka bat alde egiten zidan. Beraiek indartsu hasi dira, baina gu ez ginen ari gaizki jokatzen. Guk segi eta segi egin dugu, eta gero gure pilota atera dugunean oso gustura aritu gara bai Gorka eta bai ni". Anoetarrak gaineratu duenez, finalean partida "oso ona" jokatu dute elkarrekin: "Txapelketa hasi denetik finalera bitarteko partida guztietan asko hobetu dugu gure arteko jokoa. Oso gustura nago Gorkarekin txapelketa hau jokatzeaz, aurrelari bikaina da eta pertsona hobea".

Txapela eskaintzerakoan bere jarraitzaileekin gogoratu da Tolosa: "Herriko gazteak etorri dira eta asko animatu gaituzte; horiez gain herritik eta Tolosaldeko herri txikietatik ere jende asko etorri da, eta beraiei eskaintzen diet txapela".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!