Errausketaren aurkako aldarria eskuz esku ibili da Anoetan

Ataria 2016ko martxoaren 19a

Eguerdian errausketaren aurkako korrika txikia antolatu dute Anoetan eta hainbat eragilek erabili dute lekukoa eskutan. Plazan amaitu dute ekitaldia eta "osasunerako eta ingurumenerako kaltegarria delako" errauste plantarik ez dutela nahi esan dute parte hartzaileek.

Erraustegi plantaren kontu honekin "sututa" daudela esan dute korrika txikian parte hartu duten eragileek. "Herritarroi ezin zaigu bizkar eman eta guk izan behar dugu egiten den politika ororen protagonista".

Hondakinak errausteak osasunean duen eragin "kaltegarriak" aski beharko luke ekimena babestu dutenen ustez, "hondakinak tratatzeko modu hau alboratzeko". Birziklatze datuek gora egiten duten aldiro errauste planta bultzatu nahi dutenen argudioak "hanka motz" geratzen direla uste dute korrika txikiko parte hartzaileek.

Diru publikoaren xahuketa ere salatu dute: "helburu ekonomikoa besterik ez duen proiektu honetan gastatu nahi dute gipuzkoarron poltsikotik ordaindu beharko den 300 milioi euroko gastua, bestelako behar sozialak lehenetsi beharrean".

Umorea eta irudimena erabili dute errausketaren aurkako gaurko ekimena gauzatzeko eta aurrerantzean ere, "lanean jarraituko dugu horrelako proiektuek lekurik izan ez dezaten", esan dute korrika txikiaren amaieran plazan egin duten ekitaldian. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!