Bizikidetza lantzeko murala margotzen ari dira Anoetan

Irati Saizar Artola 2015eko uztailaren 23a

Ikertze Elkarteak bultzatuta bizikidetza lantzeko bost egunetako proiektua jarri dute martxan Anoetan. Gaur bukatuko dute San Juan kaleko horman margotzen ari diren murala.

Lehenengo hiru egunetan bilerak egin dituzte, zahar etxean, etorkinekin eta gaztetxean. Guztien artean erabaki dute zein irudi nahi dituzten marraztu. Arantxa Orbegozo "txitxi" margolariak azaldu duenez, "bakoitzak herria nola ikusten duen eta nola adierazi nahi duen esateko aukera eman dugu".

Behin muralean zein marrazki joango diren adostuta, bi egun hartu dituzte marrazteko. Istorio bat asmatzeko adina leku eduki dute horman eta halaxe egin dute. Anoeta herriaren aspaldiko irudi bat margotu dute lehenik eta horren jarraian, lurralde ezberdinetako jendea soka dantza dantzatzen. Bi eskuz inguratzen duen munduko bolak hartzen du tokia geroago eta hortik letra solte batzuk eta hitzak ateratzen dira. Segidan, anoetarrak kukuak direnez hauxe marraztu dute eta kolore ezberdinen nahasketa luzatu da ikurrina iritsi arte. Ondoren, haurren marrazkiek hartu dute lekua eta amaitzeko, neskatila bat marraztu dute arkatza heldu bati ematen guztia berak margotu izan balu bezala.

Guztia egiteko Eusko Jaurlaritzak diru laguntza eman diete eta Anoetako Udalak 1000 euroko ekarpena egin du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!