Gipuzkoakoa irabazi eta gero, Euskadikoaren bila

Ataria 2015eko maiatzaren 28a

Anoetako Ikastolako infantil mutilen taldeak Gipuzkoako txapelketa irabazi zuen larunbatean, eta asteburu honetan Euskadiko txapelketa jokatuko du.

Eskoriatzako Arizmendi ikastetxeko taldearen aurka jokatu zuten finala anoetarrek, Ordizian. Guraso, lagun eta ikaskideak ere bertaratu ziren gaztetxoei animatzera. Neurketa banakoarekin amaitu zen, eta penaltietan erabaki zen txapela: anoetarrak izan ziren onenak penalti puntutik, 2-3 irabazi baitzuten.

Honenbestez, Euskadiko finalak jokatzeko txartela lortu dute anoetarrek. Hori, igande honetan izango da, Donostiako Paco Yoldi kiroldegian. Bizkaiko eta Arabako talde onenaren aurka jokatuko dute partida bana, eta hiruko txapelketa horretatik irtengo da Euskadiko txapeldunaren izena. Lehen neurketa 09:30ean jokatuko dute, eta bigarrena, aldiz, 12:30ean.

Udalak zoriondu ditu

Anoetako udalak, Ikastolako infantil mutilen taldea zoriondu du: "Udalak zorte ona opa die jokalariei igandean. Edozein modutan ere, eta igandean gertatzen dena gertatzen dela, zorionak, orain arte eginiko bidea txalogarria izan baita, eta iritsi diren tokira iristeko argi dago gogoz eta ilusioz ahalegindu direla". Duela bi aste Gipuzkoako Kopa irabazi zuen nesken taldea ere zoriondu du udalak: "Zorionak eta eskerrik asko, kirolaren sugarra indartsu mantentzeagatik herrian" dio oharrak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!