Gipuzkoako Kopa, Anoetara ekarri dute

Asier Imaz 2015eko maiatzaren 22a

Ligako lehen bien artean jokatu zuten finala; anoetarrek penaltietan irabazi zuten partida

Anoeta Futbol Taldeak Gipuzkoako Seniorren Ligako Kopa irabazi zuen iragan astean. Denboraldia lehen bi postuetan amaitu zuten taldeek jokatu zuten finala: eskualdekoak bigarren sailkatu bezala aritu ziren, Idiazabalen aurka. Ane Kabero jokalariaren esanetan, partida tentsio handikoa izan zen: «Galtzen hasi ginen. Gero, berdinketaren gola sartzea lortu genuen, baina berriro eurak aurreratu ziren. Binako berdinketa azken unean lortu genuen, eta gero, penaltietan, irabazi egin genuen». Kaberok Anoetako atezaina nabarmendu zuen, penalti bat gelditzea lortu baitzuen.

Anoeta Futbol Taldea herriko jokalariz osaturik dago, 16-24 urte bitartekoez. Azken denboraldietan geldirik egon ondoren, Gipuzkoako liga aurten hasi da jokatzen berriro, eta garaipena, Anoetara ekarri dute.

Kaberok ligak jarraitzea eta talde gehiagok parte hartzea nahi du. «Laguntza oso gutxi jasotzen dugu, eta zailtasunak ditugu aurrera egiteko. Emakume askok adin batetik aurrera utzi egin behar izaten du kirol hau ez daukalako praktikatzen jarraitzeko aukerarik». Zentzu horretan, ateak zabalik dituztela dio Kaberok: «areto futbolean jokatu nahiko lukeen emakume oro gustura hartuko genuke».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!