Hauteskundeak 2015. Elkarrizketak

"Herritarren jabekuntzan sakonduz jarraituko dugu"

Iñigo Terradillos 2015ko mai. 20a, 17:18

Pello Estanga Anoetako alkatea izateaz gain, EH Bilduren alkategaia da udal hauteskundeetarako. Azken legealdia "oso aberasgarria" izan dela azaldu du.

Azken lau urteen inguruan zer azpimarratu nahiko zenuke?
Nabarmenduko nuke bereziki esperientzia oso aberatsa izan dela pertsonalki. Udal taldekoon artean oso harreman eta giro ederra izan dugu. Eta horri esker urratsak eman ditugu herriaren alde. Baita ere goraipatu nahiko nuke herritarrekin batera egindako bilerak eta elkarlana. Horri esker udaletik proiektu guztiak adostutakoak izan dira herritarrekin. Harro sentitzen gara horrekin.

Datorren legealdirako osatu duzuen programatik zer nabarmenduko zenuke?
Herritarrekin egindako programa da. Ez da goitik egindako programa. Urrian biltzen hasi ginen herritarrengandik proposamenak: gazteak, helduak, etorkinak, langileak, ikasleak... Beraiekin egindako programa da. Hiru ardatz nagusi ditu: parekidetasuna, kultur aniztasuna eta euskara.

Eta proiektuei dagokienez?
Proiektu garrantzitsuena herritarren jarraikortasunean sakontzea. Politika ulertzen dugu orain arte ulertzen ez den bezala. Esperientzia hartu dugu lau urte hauetan, beraien jabekuntzan sakondu dugu. Hori kudeatzea tokatuko zaigu. Noski baditugula proiektuak, eta zehaztu ditugu programan, baina helburu nagusia, esan bezala, herritarrekin batera joatea da.

Zergatik bozkatu beharko lukete anoetarrek EH Bildu?
Gure proiektu guztiak herritarrekin adostuta eraman nahi ditugulako aurrera. Azpitik gorako bidea egin nahi dugu. Sentitu nahi badute herritar eta parte aktibo bezala, gure proiektua da horretara ahalbidetzen duen bakarra.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!