Ezustekorik gabeko zozketa

Rebeka Calvo Gonzalez 2015eko urtarrilaren 29a

Anoetako herri baratzeen zozketa egin dute gaur eguerdian; guztiek jaso dute lursaila 

Galbaioko herri baratzeen lursailen zozketa egin dute gaur eguerdian, Anoetako Udalean. Ez da ezustekorik egon, izan ere, 34 lursailetan banatu dute gunea, eta izena eman eta baldintzak bete dituztenak 33 pertsona izan dira. 35 pertsona ziren hasiera batean, baina azkenean bi pertsonek uko egin dute. Zozketa, beraz, lursailak egokitzeko besterik ez da izan, bakoitza non ariko den jakiteko.

Lursailak 8x5 metrokoak izango dira, eta udalaren nahia otsaila hasierarako dena prest edukitzea da. Zozketa eginda nekazari berriek 3 eguneko epea dute uko egiteko. Era berean, 50 euroko fidantza eta 100 euroko kuota ordaindu beharko dituzte, eta ordainketa egin eta hurrengo egunean hasi ahalko dira baratzeetan lanean. Era berean, mugikortasun arazoak dituztenentzako lursail bat edo bi gordeko ditu udalak.
Galbaioko herri baratzeen gunean nekazari berriek gune bat izango dute simaurra eta behar dituzten azpiegiturak gordetzeko eta 3 aska ere izango dituzte ura hartzeko. Behar dituzten erreminta guztiak berriz, gunean egin duten etxolan izango dituzte. Era berean, kutxatilategi batzuk ere jarriko dituzte bakoitzak bere gauzak gorde ahal izateko.

Ikastaroa
Galbaioko baratzeetan aritzeko bete beharreko baldintzetako bat nekazaritza ekologikoan lan egitea da eta horretarako laguntza izango dute. Udalak eta Ekoguneak sinatutako hitzarmen bati esker ikastaro bat egin ahal izango dute eta hainbat tailer egiteko aukera ere izango dute. Ekoguneko kideak tarteka handik pasako dira gainera, laguntza eman eta zalantzak argitzeko.
Beste baldintzetako bat autokontsumorako lan egitea eta elkarte bat sortzea dira, eta azken puntu honetan Ekogunekoen laguntza jasoko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!