Asteburuko ekitaldiak "arrakastatsuak" izan dira

Imanol Garcia Landa 2014ko aza. 17a, 20:21

Azaroan Kulturaz eta Kirolaz Blai egitasmoak aurrera jarraitzen du, eta bihar, asteartea, Arkaitz Astiazaranen Euskal Herriko altxorretan barrena proiekzioa ikusi ahalko da

Anoetan bi ekitaldi izan dira asteburuan, eta udaletik azaldu dutenez "arrakastatsuak" izan dira. Larunbatean Irrien Lagunak-en emanaldia izan zen, eta haur ugari elkartu ziren saioa ikustera, tartean ondoko herrietakoak ere. Aniztasuna lantzen dute emanaldi horretan, eta udaletik hori zabaltzen ari direnez, "interesgarria" iruditu zitzaien Irrien Lagunak-en ikuskizuna ekartzea.

Igandean, berriz, bigarren eskuko azoka izan zen, eta guztira dozena bat postu izan ziren. Herriko zein inguruko jendeak jarri zituzten postuak, eta Fiaren banku etikokoak zein www.truke.eu ekimenekoak ere izan ziren eurei buruzko informazioa zabaltzen.

Izen-emateak zabalik

Azaroan Kultur eta Kirolaz Blai egitasmoaren barruan, bihar, asteartea, Arkaitz Astiazaranen Euskal Herriko altxorretan barrena proiekzioa ikusi ahalko da, Auditorioan, 18:15ean.

Horretaz gain, larunbatean bertso bazkaria izango da eta horretarako izena emateko epea asteazkenean bukatzen da. Udaletxean, liburutegian edo Itzuli tabernan erosi daiteke txartela. Larunbatean ere krosa egingo da Anoetan, 12:00etan hasita. Bikoteka eta mistoa izango da eta izena emateko aukera dago ostirala arte Itzuli tabernan eta kiroldegian. Egunean bertan ere eman daiteke izena 11:15etik aurrera.

Igandea, beste kirol proba bat izango da: martxa nordikoa. 10:00etatik 12:30era ariko dira ibilbide bat egiten, begirale batekin. Ez da ikastaro bat izango, beraz kirol horretan aritutakoek eman ahalko dute izena. Horretarako azken eguna ostirala da eta udaletxean, liburutegian edo kiroldegian egin daiteke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!