Elkarteen arteko Gipuzkoako txapelketan, Su-Berri nagusi

Tolosaldeko Ataria 2014ko urr. 31a, 18:09

Donostiako Atano III.a pilotalekuan jokatu ziren finalak, iragan asteburuan. Irati Otaegi eta Leire Gabirondok, eta Ainhoa Garmendiak eta Maider Mendizabalek jantzi zituzten txapelak.

Aurrena, nagusien bigarren mailako finalistak irten ziren kantxara. Anoetako Su-Berri 2 taldekoen aurkariak, aiarrak ziren. Irati Otaegi-Leire Gabirondok partida borrokatua jokatu zuten, ia ordubeteko iraupenekoa. Su-Berriko asteasuarra eta donostiarra une askotan aurretik joan ziren, eta azken txanpan 3-4 tantoko abantaila mantentzea lortu zuten, eta txapela bereganatu zuten 24-30eko emaitzarekin.
 
Ondoren, lehen mailakoen finala jokatu zen Hernani 3 eta Su-Berri taldeen artean. Aurreko astean bi bikotea horiek ligaxkako azken partida jokatu zuten, eta orduan, oso partida borrokatua eta gogorra atera zen. Finalean, ordea, ez zen berdin gertatu. Su-Berriko Ainhoa Garmendia eta Maider Mendizabal, hasieratik askoz ere zentratuago atera ziren, akats gutxi eginaz. Hernaniko bikotea berriz, Amaia Araiztegi eta Ariane Arrieta, ez zen oso eroso sentitu.

Partidako lehen tantuetan, bikote bakoitzak bere pilotarekin jokatu zuen baina Su-Berriko bikoteak segituan hartu zuen denbora guztian Hernanikoen pilotarekin jokatzeko erabakia, honela lehenbailehen berotuko baitzen pilota (gomazko pilotak beharrezkoa da bote egokia egiteko ondo berotzea eta une oroko pilota aldaketekin pilotak hoztu egiten dira eta ondorioz asko moteldu). Maider Mendizabalek segidan erakutsi zuen bere nagusitasuna eta une oro partida kontrolatua zuenaren sentsazioa sortu zuen besteengan. Ainhoa Garmendiak ere aurreko astean baino askoz hobeto jokatu zuen, gehiago sartuz, akats gutxiago eginez eta tantuak gehituaz. Amaia Araiztegik berriz aukera asko ez zituen izan, nahiz eta aukera onak ondo aprobetxatzen jakin zuen tantoa lortuz. Atzokoan Ariane aritu zen bere mailatik pixka bat baxuago. Ez zuen konzentrazioa eta irabazteko gogoa une guztian mantentzea lortu eta ondorioz, Su-Berriko bikoteari ez zion oposizio handirik sortu.

Amaieran, 20-30eko emaitzarekin Su-Berriko bikotea txapeldun. Anoetako Su-Berri elkarteak lehenengo aldiz nagusi mailako bi kategorietako txapelak bereganatzea lortu du. Oso berri pozgarria da hau, lana ondo egiten ari direnaren emaitza, azaldu dute elkartetik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!