Hasteko, urtarrilean Egurra ta Kitto, Eraso, Arkada Social eta McOnak taldeen kontzertuak izan genituen Gaztetxean. Kontzertu arrakastatsuak izan ziren, eta giro ederra egon zen Gaztetxean. Era berean, XV.urtemuga ospatzeko lipdub-a ere grabatu genuen.
Otsailetik apirilera bitarte, hilabete bakoitzean gai konkretu bat landu dugu. Horrela, otsailean, desobedientzia hartu genuen gaitzat. Martxoan, parekidetasuna landu genuen eta apirilean Elikadura Subiraultza izan genuen hizpide. Gai hauek guztiak hitzaldi, dokumental eta pelikulen bidez landu ditugu. Tartean, hala ere, bestelako ekintzak ere izan ditugu gaztetxean, kontzertuak, esate baterako.
Maiatzean, berriz, hilabete guztian zehar mota guztietako ekintzak izan ditugu: urtemuga eguna zein belaunaldi eguna, haurrentzako jolasak, hitzaldiak, kontzertuak...
Ikusi duzuen bezala, hilabete hauetan guztietan izan dugu zer ikusi, entzun eta hausnartu! Hala ere, ez ezazue pentsa aurtengo ekintzak amaitu direnik: herriko festetan ikusiko dugu elkar urteroko gazteen dantzan.
Amaitzeko, mila esker urte hauetan babesa eskaini diguzuen herritar guztiei. Guk, gure aldetik, gogoz eta grinez jarraituko dugu beste 15 urtez pentsatzen duguna landuz eta sentitzen duguna azalduz!
Anoetako Gazte Asanblada