Anoetako Gaztetxearen XV. urteurrena

Pentsatutakoa landuz, sentitutakoa azalduz

Imanol Garcia Landa 2014ko mai. 9a, 12:00

Hamabost urte pasa dira Anoetako Gazte Asanbladaren egungo etxea martxan jarri zutela Edurka pabiloietan. Hainbat bizipen, hainbat egitasmo, hainbat gazte izan dira Anoetako Gaztetxean, eta aurrera begira ere bizirik jarraitzeko asmoa dute

Iñigo Errazkin (32 urte) izan zen egungo gaztetxea martxan jarri zuenetako taldearen kideetako bat. «Ematen du gaztetxe guztiak okupatuak direla, baina gure kasuan udalarekin negoziatuta izan genuen aukera lokal honetan hasteko». Aurretik Gazte Asanbladaren lokala Kontsejuan zegoeny, herriko plazan bertan. «Ni baino helduago direnak egin zuten udalarekin lokal hau lortzeko negoziaketa», dio Errazkinek, eta gogora ekarri du orain 35-40 urte, bertako gazteek erosi zutela lokal bat eta Ipurbeltz izena jarri ziotela. «Frankismo garaitik beti izan da gehiago edo gutxiago asanblada bat, hobeto edo gaizkiago funtzionatu duena, festetan beti izan da txosna bat gazteen aldetik, eta mugimendua izan da», dio Errazkinek.

 



Udalak lokala uzteaz gain zenbait inbertsio egin zituen. «Paretak moreak ziren, barrarako argiak oso modernoak,…», gogoan du Errazkinek. Eztabaida ere izan zen, herrigunetik kanpo dagoelako gaztetxea. «Bere alde txarrak eta onak ditu, baina orokorrean ondo hartu da», dio Errazkinek kokalekuari buruz. Belaunaldi berriek modu naturalean jaso dute kokalekua. Ane Urkolak (18 urte) azaldu duenez, «nik gaztetxea hemen ezagutu dut; niretzat leku ona da». Xabat Ugartemendiak (22 urte) gaineratu duenez, «nik uste dut alde txarrak izatea baino, une batzuetan pentsatzen dela herrian bertan egongo balitz askoz hobeto… Baina nik ere leku ona dela uste dut».

Funtzionamenduari dagokionez, Anoetako Gazte Asanbladak besteekin duen berezitasun bat junta edo batzordea duela da. «Asanblearismoa ideologikoki jendea elkartzen dela, ideiak botatzen direla eta gero horiek aurrera eramaten direla izango litzateke», dio Errazkinek. «Funtzionatzeko eran ikusi zen findu beharra zegoela eta junta bat dago bilerak prestatu eta dinamizatzeko». Egun sei hilabetez behin berritzen da junta. Jokin Tolosak (22 urte) gaineratu duenez, «juntakoek ez dute ardura bereziagoa, edo ez daude besteen gainetik. Egunerokotasuna eramaten dute, beste eragile batzuekin harremana izateko,…». Ekitaldiak antolatzea denen arteko kontua dela diote: «Data iritsi ahala, juntakidea izan daiteke jabetzen dena, baina gero hori aurrera eramatea edozeinen ardura izan daiteke». Egun 30 inguru elkartzen dira ostiraletako asanbladetan.

Gazte Egunaren garrantzia

Gaztetxean parte hartzeko hamasei urteko muga jarri zuten, eta horrekin lotuta Gazte Eguna antolatzen hasi ziren, hain justu, hamasei urte betetzen zituztenei harrera egiteko. «Ongi etorri festa bat izaten da», dio Tolosak. «Kanpokoak etortzeko aitzakia da eta barrukoak besteei gonbidatzeko aitzakia. Festa bat da, belaunaldi berriak gaztetxera gerturatzeko lana asko errazten du, bitartekari ona da». Iritzi bera du Urkolak: «Atzetik datozenak badute egun bat gaztetxera etortzeko, eta horren zain egoten zara. Nik uste dut ederra dela». Hasieran «lotsatuta» bizitzen dela dio egun hori Lide Aranzabek (17 urte): «Nik nahiko presente daukat. Orain bi urte izan zen. Hasieran ez zenekien noiz etorri, baina gero egunak aurrera egin ahala moldatzen zara. Gaztetxean daudenak ere laguntzen dute. Beraiek ere badakite zer den hori pasatzea. Hasiera pixka bat zaila izaten da, baina gero eguna ondo joaten da».

Gosariarekin hasten dute egun hori eta gero asanblada bat egiten da, gaztetxearen funtzionamendua esplikatuz. Hortik aurrera, jokoak eta txapelketak, bazkaria, joko gehiago, poteoa, afaria eta kontzertuak. Behetik adin muga 16 urte badira, goitik ez dago horrelakorik: «Bakoitzak nahi beste, gustura dagoen arte, parte hartzeko eta bertan egoteko aukera du».

Ugartemendiak eta Tolosak zortzi urte inguru daramatzate gazte asanbladan. Sartu eta gutxira gaztetxearen ardura izatea tokatu zitzaien bere belaunaldikoei. «Kuadrillako hogei bat lagun sartu ginen, eta urte batetik bestera aurretik zeudenak gure esku utzi zuten gaztetxearen martxa», dio Ugartemendiak. Tolosak gehitu duenez, «belaunaldi baten zuloa ere bazegoen aurretik, bost urteko tartea izan baitzen inor berririk sartu gabe. Gu sartu ginenean eta martxa hartu genuenean, haiek ez dakit beraiena konplituta ikusi zuten edo, tarte bat izan zen bakarrik geratu ginela gaztetxean».

Mugimendu asanbleario batek gorabeherak izaten dituela dio Errazkinek, eta Anoetako Gazte Asanbladak ere izan dituela gaineratu du. «Bestalde, nahiz eta gorabeherak izan, herrian erreferentzialtasuna izan du, egun ere badu eta ea izaten jarraitzen duen». Herriko eragile garrantzitsua dela gaineratu du Errazkinek: «Azken finean gazteek ematen diote bizitasuna herriari, inguruneari, edozein mugimenduri». Tolosak azaldu duenez, «ez da bakarrik gazte asanblada eragile bat dela, hemen bertan ere hainbat talde eta eragiletako kideak daude: dantzariak, musikariak, mugimendu politikoetan dabiltzanak,… Hori aprobetxatzen jakinez gero, eta aprobetxatzen da, mugimendu asko sortu daiteke».

Aurreiritziei aurre eginez

«Gaztetxea ezagutzen ez duenak aurreiritziak izan ditzake», dio Ugartemendiak. «Ni baino gazteagoak direnen gurasoak etorri izan dira hona antolatu ditugun ekitaldietara, eta gertuko jende horrek esaten du 'hauek mugitzen dira, eta antolatzen dituzte gauzak'. Gugandik gertu ez dagoen jendearentzat urruti geratzen da eta pentsatu dezakete 'hor egoten dira eta ez dute ezer egiten'». Errazkinek dioenez, denborarekin hori gainditu egin da: «Garai batean esaten ziren klixe horiek, hau da, gaztetxean porroak erre eta sofan eserita besterik ez daudela diotenak». Antolatzen diren ekitaldi guztiak publikoak direla dio Tolosak, eta horren berri herrian zehar ematen dutela.

Urkolak gogora ekarri du aurreko Gabonetan haurrentzako eskulanak antolatu zituztenean, jende asko joan zela bertara: «Haur eta guraso pila bat etorri ziren, eta horrek aurreiritzi horiekin apurtzen du. Poza ematen du jendea gaztetxera etortzeak, gertukoa sentitzen duten seinale». Orain urte batzuk haur jolasetan parte hartzen zutenak, egun gaztetxearen parte direla ekarri dute gogora.

 

 



Herrian antolatzen diren Euskal Jaia, Dantza Soka…

Egitasmo batzuk urtero errepikatzen dituzte: Gazte Eguna, urtemuga eguna, Gabonetan kantari ateratzea, inauteriak, Euskal Jaia, festetan parte hartzea, Dantza Soka, Urrifest… Hitzaldiak eta kontzertuak antolatzen saiatzen direla diote. Bestalde, herrian antolatzen diren ekimenetan parte hartzen dutela diote, esaterako, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Egunean.

Gazteen harreman sarea

Gaztetxeak elkargune gisara ere bere funtzioa betetzen duela nabarmendu dute. Aranzabek azaldu duenez, «kuadrilla bakoitzak giltza izaten du eta nahi duenean etortzen da». Ugartemendiak gaineratu duenez, «askotan gaztetxea bezalako leku batek ematen dizu aukera zuri gustatzen zaizun gauza bat egiteko beste pertsona batzuekin. Nik nire kuadrillara mugatu beharrean, gaztetxera etortzen diren guztien artean topatu dezaket nire gustuko gauzak elkarbanatzeko jendea». «Harremanak batekin eta besteekin egiten dituzu», esan du Aranzabek. «Gero hemen egiten dituzun harremanak gero hemendik kanpora ere jarraipena izaten du». Beste herrietan egon den lokalen fenomenoa Anoetara ez dela hainbeste iritsi dio Errazkinek: «Gaztetxean herriko gazteen arteko harreman sarea sortzen da».

Gaztetxearen finantziazioa autogestioaren bidez egiten dute. Argindarra eta ura udalak ordaintzen ditu. «Hortik aurrera egin dezakeguna gure esku dago. Ekonomikoki gure burua defendatzeko aukera dugu», esan dute. Bestalde, gogora ekarri dute garai txarrak ere bizitu izan dituztela, esaterako, orain urte batzuk hainbatetan gaztetxera indarrez sartu zitzaizkienekoa.

Hamabosgarren urtemugaren ospakizuna maiatzean izango da, baina urtearen hasieratik ari dira ekimenak antolatzen. «Aurten nahiko indartsua izaten ari da», dio Urkolak. Hamargarren urtemuga ospakizunetara gehiago bideratuta izan bazen, hamabosgarrena anitzagoa egitea izan da asmoa, hilero gai ezberdinak jorratuz.

 



Maiatzean, beraz, ez dira ekitaldiak faltako. Bihar Belaunaldi Eguna izango da, eta ohiko bazkari, afari eta kontzertuez gain, berezitasuna belaunaldi ezberdinetako kideekin egingo den mahai ingurua izango da. Horrez gain, bazkaria eta gero, gaztetxearen hamabost urteei errepasoa egingo zaie argazki emanaldi baten bitartez.

Urtemuga Eguna maiatzaren 24ean izango da. Besteak beste, antzezlana egingo dute gaztetxearen bilakaeraren inguruan. Eta noski, bazkaria eta afaria ez dira faltako, eta gauean, kontzertuekin batera, txirrisklas edabea banatuko da. Eskualdean Anoetako Gaztetxearekin lotura zuzena duen edaria da, urtemuga egunean eta Gazte Egunean egitarauan leku bat izaten duena.

Gogoz hartu dute hamabosgarren urtemuga ospatzeko antolaketa lana, eta aurrera begira ere beraien leloa mantendu nahi dute: «Pentsatzen duguna landuz, sentitzen duguna azalduz».

 
 

Egitaraua

  • MAIATZAK 10, LARUNBATA. BELAUNALDI EGUNA
    11:00.
    Mahai ingurua belaunaldi ezberdinetako kideekin.
    14:00. Bazkaria. Ondoren argazki emanaldia.
    18:00. Poteo alaia.
    21:00. Afaria.
    23:00. Kontzertuak (sarrera 5 euro): Glaukoma, Los Brodies eta DJ Little Martin Selektah.
  • MAIATZAK 14, ASTEAZKENA
    19:00.
    Musika zuzenean proiektuaren berri, Koldo Otamendirekin.
  • MAIATZAK 16, OSTIRALA
    19:00.
    Afari-merienda terrazan.
    21:00. DJ Selektah Stepi terrazan, Bad Sound System taldeko DJ-a, hain zuzen. Sarrera doan.
  • MAIATZAK 24, LARUNBATA. URTEMUGA EGUNA
    10:30.
    Boleibol Txapelketa.
    12:00. Patata Tortilla Lehiaketa.
    14:00. Bazkaria.
    18:00. Poteoa jokoekin.
    21:00. Afaria.
    22:00. 15 urte lotsagabe! antzerkia.
    23:30. Kontzertuak (sarrera 5 euro): Ezinean eta ezusteko taldea. Gau guztian zehar txirrisklas banatuko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!