Anoetako Gaztetxearen XV. urteurrena

Gutuna: "Eskerrik asko"

Ataria 2014ko eka. 12a, 11:29

2014. urtean sartzearekin batera, ilusioz eta grinez ekin genion XV. urtemuga antolatzeari. Izan ere, aurten 15 urte bete ditu Anoetako Gaztetxeak eta egitarau oparoa antolatu dugu urtarriletik hasi eta maiatzera arte.

Hasteko, urtarrilean Egurra ta Kitto, Eraso, Arkada Social eta McOnak taldeen kontzertuak izan genituen Gaztetxean. Kontzertu arrakastatsuak izan ziren, eta giro ederra egon zen Gaztetxean. Era berean, XV.urtemuga ospatzeko lipdub-a ere grabatu genuen.

 


Otsailetik apirilera bitarte, hilabete bakoitzean gai konkretu bat landu dugu. Horrela, otsailean, desobedientzia hartu genuen gaitzat. Martxoan, parekidetasuna landu genuen eta apirilean Elikadura Subiraultza izan genuen hizpide. Gai hauek guztiak hitzaldi, dokumental eta pelikulen bidez landu ditugu. Tartean, hala ere, bestelako ekintzak ere izan ditugu gaztetxean, kontzertuak, esate baterako.


Maiatzean, berriz, hilabete guztian zehar mota guztietako ekintzak izan ditugu: urtemuga eguna zein belaunaldi eguna, haurrentzako jolasak, hitzaldiak, kontzertuak...


Ikusi duzuen bezala, hilabete hauetan guztietan izan dugu zer ikusi, entzun eta hausnartu! Hala ere, ez ezazue pentsa aurtengo ekintzak amaitu direnik: herriko festetan ikusiko dugu elkar urteroko gazteen dantzan.


Amaitzeko, mila esker urte hauetan babesa eskaini diguzuen herritar guztiei. Guk, gure aldetik, gogoz eta grinez jarraituko dugu beste 15 urtez pentsatzen duguna landuz eta sentitzen duguna azalduz!


Anoetako Gazte Asanblada

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!