Errezeta elektronikoa erabiltzen hasi dira anoetarrak

Ataria 2013ko apirilaren 25a

Errezeta elektronikoa martxan da Anoetan. Hondarribia eta Oñati izan ziren sistema hau Gipuzkoan abian jarri zuten lehen herriak, eta orain Anoeta batu zaie, Goierriko lau herrirekin batera, Lazkao, Ormaiztegi, Zegama eta Olaberria, hain justu. Atzo hasi ziren anoetarrak sistema berria erabiltzen.

Hemendik aurrera, beraz, medikuek zuzenean jakinaraziko diete farmazialariei gaixo bakoitzari zein botika eman behar dioten, sistema informatiko baten bidez. Horri esker, gaixo kronikoek, esaterako, ez dute anbulatoriora joan beharrik izango errezetak eskatzera, txartela erakustearekin nahikoa izango baitute. Txipari esker, ordenagailuaren pantailan agertuko zaie botikariei paziente horrek zer sendagai behar duen.

Paperezko errezeta desagertu egingo da, gainontzeko gaixoek ere ez baitute erabiliko. Osakidetzaren helburua sismeta berri honekin, jarraipen ahalik eta zorrotzena egitea da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!