28 urteko emakume bat hil da Anoetan, tren batek harrapatuta

Ataria 2013ko apirilaren 23a

Emakume bat hil zen larunbat eguerdian Anoetan, tren batek harrapatuta. 12:40 inguruan gertatu zen ezbeharra. Antza, emakumea trenbidea gurutzatzen ari zen, eta Donostiako noranzkoan zihoan Bartzelonatik Irunerako bidea egiten duen trenak harrapatu zuen. Momentuan hil zen. Ertzaintza, larrialdi zerbitzuak eta auzitegiko medikua ezbeharra gertatu zen lekuan izan ziren gertatutakoa ikertzen. Lekukoek adierazi zutenez, Anoetara ailegatu zen trenetik jaitsi zen 28 urteko emakumea, eta trenbidea zeharkatzera zihoanean harrapatu zuen beste trenak.

Eguzki, bost urte salatzen

Bost urte daramatza Eguzki talde ekologistak Gipuzkoako trenbide sarea hobetu behar dela aldarrikatzen, batez ere, oinezkoentzat dauden pasabideak. 17 gune arriskutsu identifikatu ditu Eguzkik Gipuzkoan. Urtero heriotzak egon arren, instituzioek eta trenbideen enpresa arduradunek ez dutela ezer egiten salatu dute Eguzkitik. Lurrazpiko pasabiderik apenas dagoela esan dute talde ekologistatik, eta RENFEri kritika zorrotza egin diote, arazo honen aurrean duen jarreragatik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!