Hainbat hitzordu izango dituzte datozen asteetan

Tolosaldeko Ataria

Joan den igandean egin zuten Amezketako Perie. LEYRE CARRASCO

Amezketan askotariko jarduerak izango dituzte datozen egunetan, besteak beste, San Martin egunaren ospakizuna, herri kirolen erakustaldia, eta hitzaldi zein bakarrizketa bana.

Amezketan hainbat ekitaldi antolatu dituzte herriko udalak eta elkarteek elkarlanean «kultur jarduerak, herri ekimenak eta jai giroko ospakizunak» uztartzea helburu. Dagoeneko izan dute Amezketako Perie, eta hurrengo hitzorduak asteburuan izango dira: San Martin eguneko ospakizunak —atzo greba orokorra zelako atzeratu dituzte—, herri kirolen erakustaldia eta Goazen! telesailaren aurre estreinaldia.

Aipatu bezala, hurrengo hitzordua ostiralean izango da. Atzo zen, izatez, San Martin eguna, eta greba orokorra ere bazenez, bihar ospatuko dituzte egunari dagozkion ohiko ekitaldiak. Larunbatean, herriko emakumeek herri kirolen erakustaldia egingo dute plazan, 16:30etik aurrera. Eta, igandean, berriz, Goazen! telesaila estreinatuko dute aurrez.

Horiez gain, hilabetea bukatu aurretik beste bi hitzordu ere izango dituzte: batetik, hilaren 18an —asteazkena— mitologiari buruzko hitzaldia egingo du Koldo Alijostes herritarrak Pernando Amezketarra kultur etxean; eta, bestetik, hilaren 20an —ostirala— Ze esatona?! bakarrizketa egingo du Janire Atxurra umoristak. Azken horretarako izena emateko aukera gaur eta bihar egongo da, udal bulegoetan.

Aipatutako ekitaldietan Amezketako Udalak parte hartzera gonbidatu ditu «herritar guztiak eta bisitariak».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!