Larunbatean, II. Amezketako Goitibehera Jaitsiera jokatu zen San Martin auzoko errepidean, Euskal Herrian dagoen zirkuitu edo ibilbide luzeenean –2,6 kilometro–. Euskal Herriko Inertzia Kirolen Federazioaren zirkuituko azken proba izan zen, eta Espainiako Txapelketarako puntuagarria. Lehen edizioa arrakastatsua izan zen, 35 partaiderekin. Bada, bigarren aldian 51 ibilgailuk parte hartu dute –51 pilotu eta 12 kopilotu–, sei kategoriatan banatuta; bina jaitsiera egin zituen ibilgailu bakoitzak.
Kategoria librean, Amezketa Goitibehera Taldeko Jon Sagastume Etxeberria pilotua eta Enaitz Sagastume Mariezkurrena kopilotua izan ziren azkarrenak, 2.58,872ko denbora eginda. Garaipen erraza lortu zuten amezketarrek. Kutremovil taldeko Urko Jaramillo izan zen bigarren (4.13,112) eta haren taldekide Jose Angel Jaramillok egin zuen hirugarren denbora onena (4.25,954).
Sagastumetarrena, ordea, ez zen jaitsierako ibilgailu azkarrena izan. Os Meiregos taldeko Manuel Fernandez galiziarrak egin zuen denbora onena: 2.20,602. Europarra kategorian lortu zuen garaipena, eta ia bi segundoko aldea atera zion Marugan Gravity Car taldeko Cristian Marugan asturiarrari (2.22,120). Delgados Gomez Behera taldeko Felix Delgado izan zen hirugarren kategoria horretan (2.25,388). Amezketan bizi den Matrizzio Salvatore taldeko Karlos Xabier Solis lazkaotarra izan zen laugarren, 2.30,328ko denbora eginda.
Pneumatika kategorian, bestalde, Tefundo Rasin Team taldeko Aner Bilbao Sistiaga pilotua eta Abdessamad Ziati kopilotua izan ziren onenak, 2.30,182ko denbora eginda. Bigarren posturako lehia oso estua izan zen. Trokan Behera taldeko Oier Larrabe pilotua eta Izei Ertzilla kopilotua izan ziren bigarren (2.37,178), eta Focus Team taldeko Antxon Malaxetxebarria pilotua eta Ander Oar kopilotua hirugarren (2.37,415).
Beste hiru kategoria ere izan ziren. Speed Trike mailan, Kamikaze Pro taldeko Jorge Menocal kantabriarra izan zen onena (3.10,428), Menoracing taldeko Jaime Coto asturiarra izan zen bigarren (3.12,088) eta Gonxosport taldeko Aimar Elizburu hirugarren (3.14,584). Uretano kategorian, berriz, bi ibilgailuk parte hartu zuten, baina horietako bat kanporatua izan zen, eta Litus Roller taldeko Angel Hernandezek lortu zuen garaipena, 3.22,893ko denbora eginda. Azkenik, errodamenduko ibilgailuen kategorian, Oizpe Racing taldeko Jon Moreno pilotuaren eta Jon Urionaguena kopilotuaren ibilgailuak bakarrik parte hartu zuen, eta 4.39,914eko denbora egin zuen.