Aisha Etxeberria Zubeldiak (Amezketa, 2005) kudeatu du aurten Amezketako San Martingo etxola. Uda eguzkitsua lanerako ona izan dela kontatu du, baina egokitu behar izan dutela muturreko tenperaturetara ere. Esperientziaren inguruan gogobeteta hitz egin du, eta errepikatuko ote lukeen galdetuta, zalantzati azaldu da.
Zer moduz moldatu zara?
Gogorra izan da, lan ordu asko izan direlako. Etxekoekin aritu naiz lanean, eta pila bat lagundu naute. Nahiz eta gogorra izan, atsegina da ingurukoekin egotea: lagunekin, familiarekin... Gustura aritu gara.
Ez da ostalaritzan aritzen zaren lehen aldia. Nolakoa izan da esperientzia?
Oso ezberdina izan da. Beste esperientzietan gehiago izan da lan egin eta lanaldia amaitutakoan, kito; atseden hartzen duzu. Hemengoa, berriz, autonomo lan hori da, eta gogorra da. Zerbitzua emateaz gain hornitzaileekin hitz egitea, fakturak eta tramiteak egitea... Lan asko dira, eta dena zuk kudeatu behar duzu. Astero izaten da prozesu bera.
Gustura aritu naiz, eta asko ikasi dut; baina ez dakit gehiago luzatuko nukeen, urte berean behintzat. Ostalaritzan aritzeko gogoz jarraitzen dut, baina dena antolatzearena eta kudeatzearena gogorra egin zait.
Datorren urtean errepikatuko al zenuke?
Ez dakit. Oraintxe-oraintxe sentimendu nahasiak ditut. Pena ematen dit amaitzeak, baina ibili garen erritmoan ibili eta gero... Oraindik ez dakit. Hurrengo urtean ez dut uste, baina aurrerago errepikatzea ez dut baztertzen. Bi urte segidan gogorrak egingo litzaizkidake, baina ez dut ezetzik ere esango.