Maiatzean zabaldu zuen San Martingo etxola Aisha Etxeberria Zubeldiak, eta datorren asteko larunbatean agurtuko du denboraldia. Izatez, irailaren 27a izango du azken eguna, baina hilaren 19an zerbitzua agurtzeko Azken dantza egitaraua prestatu du, eta bertan denboraldia itxi eta eskerrak emango dizkie bezeroei. Hilabete honetan asteburuetan soilik zabalduko dute etxola.
Jaialdia 18:00etan hasiko da, eta Nebar bikoteak kontzertu akustikoa egingo du. Segidan afaria izango dute etxolan, eta tiketak eskuragarri egongo dira bertan datorren asteko ostegunera arte. Afaria bukatutakoan erromeria izango dute Ziñez musika taldearen eskutik, eta amaitzeko, DJ Lamak girotuko du gaua 00:00etatik aurrera. Etxolaren aurtengo arduradunak bertaratzera gonbidatu ditu «festaz gozatu nahi duten guztiak», eta «ospakizun berezia» izango dela aurreratu du: «Espero dut uda guztian egin ez duen euria ez egitea egun horretan. Berezia izango da, eta xarma ematen dio azken-azken egunean ez izateak ere».
«Sekulako uda»
Denboraldia nolakoa izan den galdetuta, «sekulako uda» izan dutela azaldu du aurtengo kudeatzaileak: «Oso-oso eguzkitsua izan da, eta egia da dena oso lehorra dagoela, baina lan egiteko oso ona izan da. Eguraldiaren arabera ixtea erabaki genuen, euri gehiago izango zelakoan, eta soilik bost bat egunez edo itxiko genuen uda osoan».
Hari berari tiraka azaldu du muturreko beroagatik ordutegiak murriztu dituztela zenbait egunetan: «Eguerdietan itxi egiten genuen, ez baitzen inor ere gerturatzen eta lanerako ere ez baitzegoen girorik. Horrez partez, iluntzean zabaltzen genuen etxola».
Beroa gorabehera «jende asko» gerturatu zaiela kontatu du Etxeberriak, eta «oso eskertuta» daudela: «Gerturatu diren herritarrak gustura etorri direla esango nuke, eta pozgarria da hori. Festara itxaron gabe ere, haiei zuzenean eman dizkiegu eskerrak». Etxolaren zerbitzuaz harago, jendea «erakartzeko gakoa» ekimenak antolatzea delakoan dago arduraduna.
Askotariko hitzorduak
Zerbitzua ez ezik, hainbat ekimen antolatu dituzte udan zehar, horien artean, mus txapelketa, bertso saioa eta herriko antzerki taldearen ikuskizunaren proiekzioa. Etxeberriaren esanetan «denetik pixka bat» antolatzen saiatu dira: «Mota askotako hitzorduak antolatu ditugu, eta horrekin saiatu gara jendea erakartzen. Abuztuko igandeetan erromeria ere antolatu dugu, eta horrek urrutiagotik ere etorrarazi du jendea».
Kultur ekimenez gain, herriko ekoizleekin «elkarlana sustatzen» ere ahalegindu direla gaineratu du: «Argaia Goenaren postua dugu ondoan, eta besteei ere aukera eman diegu pintxo potean haien produktuak eskainiz, eta moxal haragiaren festa bat ere antolatu genuen. Egia esan oso ondo atera zen».
Aipatu bezala, beste urte batez Argaia Goenaren postua izan dute alboan, eta «primeran» moldatu direla adierazi du Etxeberriak: « Oso gertukoak dira eta primeran moldatu gara. Bata bestearen eskaintza osatzen dugu, eta horrek erakartzen du jendea: jatera haienera joaten dira, eta edaria guri hartzen digute. Oso gustura aritu gara elkarlanean».
Datorren urtera begira errepikatuko ote lukeen galdeginda, berriz, zalantzati hitz egin du aurtengo kudeatzaileak: «Pena ematen dit amaitzeak, baina ibili garen erritmoan ibili eta gero... Hurrengo urtean ez dut uste, baina aurrerago errepikatzea ez dut baztertzen». Etxola «merezi bezala» agurtzeko, Azken dantza festara gonbidatu ditu herritarrak.