Amezketako Buruz Buruko Txapeldunen 36. Txapelketa azken txanpan sartu da. Finalistak ezagutzea izango da hurrengo pausoa, eta asteburu honetan jakingo da zein sei pilotarik jokatuko dituzten San Bartolome bezperako finalak. Larrunarri pilotalekuan maila handiko partidak jokatzen ari dira, eta joan den asteburuan izan ziren final-laurdenetako azken neurketak. Hiru mailatan ari dira jokatzen txapelketa, eta maila bakoitzeko bina partida jokatu ziren.
Kadete mailan, Amasa-Villabonako Behar Zana Pilota Elkarteko pilotariek ezin izan zuten finalerdietara sailkatu. Arsuagak (Hernani) 22-19 irabazi zion Zufiriari (Behar Zana) eta Bengoetxeak (Lea Ibarra) aise menderatu zuen Eizagirre (Behar Zana): 22-6.
22 urtez azpikoen mailan, Alegiako Intxurre Pilota Elkarteko Murua altzotarrak 22-12 irabazi zion Ibarrari (Eibar). Beste partidan, Joko Alai klubeko Beitiak ez zion aukerarik eman Oberena taldeko Sarasibarri, eta 22-6 irabazi zion.
Azkenik, elite mailan, alde handia izan zen markagailuan bi partidetan. Ilunpeko Egigurenek 22-4 irabazi zion Tolosako Altunari; Lagunak taldeko Arribillagak, berriz, 22-8 irabazi zion Aurrera taldeko Txoperenari.
Hona hemen, asteburuan jokatuko diren finalerdietako partiden jaialdiak:
- Uztailak 31, ostirala. 21:00.
- Kadeteak: Santesteban (Beti Onak) vs. Illarramendi (Behar Zana)
- 22 urtez azpikoak: Ramirez (Kurene) vs. E. Gorostidi (Zazpi Itturri)
- Eliteak: Irribarria (Tolosa) vs. Etxeberria (Oiarpe)
- Abuztuak 1, larunbata. 21:00.
- Kadeteak: Arsuaga (Hernani) vs. Bengoetxea (Lea Ibarra)
- 22 urtez azpikoak: Murua (Intxurre) vs. Beitia (Joko Alai)
- Eliteak: Egiguren (Ilunpe) vs. Arribillaga (Lagunak)
Bi egunetan sarrera ordaindu beharko dute ikusleek, bost euroren truke.