Pilota partidetan gertatzen den moduan, hainbat zati izan ditu gaur Nafarroa Arenan jokatu den San Fermin torneoko Lau eta Erdiko Txapelketaren finalak. Altuna III.ak galdu egin du 20-22 Lasoren aurka, aurretik 20-17 joan eta gero. Oso partida gogorra izan da, hasierako bi tantoetan gogortu dena. Amezketarra 2-1 irabazten joan da, baina gero Laso jarri da aurretik eta berak eraman du agintea ia partida osoan. Lehen atsedenaldira 11-12 irabazten joan da nafarra, eta ondoren 11-16 ere joan da irabazten, baina hor amezketarraren susperraldia etorri da eta markagailuari buelta eman eta 17-16 jarri da aurretik.
Lasok lortu du berdinketa hurrengo tantoan, baina bigarrengo atsedenaldira Altunak hartu du aurrea berriro: 18-17. Lasori oso nekatuta ikusten zitzaion, eta amezketarrak hurrengo bi tantoak egin ditu, hiruko abantaila hartuz: 20-17. Bazirudien txapelketa horretako laugarren txapela jantziko zuela Altunak, baina hortik aurrera Lasok buelta eman dio markagailuari eta zuzenean joan da 22raino. Asko sufrituta, defentsa ikaragarria erakutsi du nafarrak eta bere lehenengo txapela jantzi du San Fermin torneoko Lau eta Erdikoan. Guztira 390 pilotakada eman dituzte, eta Altunak 13 tanto egin eta 8 galdu ditu, eta Lasok 14 egin eta 7 galdu ditu.
Altunak partidaren lehen zatian galdu duela esan du: «Korrika asko egin dut. Ez nuen lekua hartzen kantxan eta horrekin oso disgustura nago. Hankaz makal egon naiz hasieran, aurrera ez nuen egiten. Gero buelta eman diot eta borrokatu dut, baina iruditzen zait galdu dudala lehenengo zatian ez dudalako asmatu». Nafarroa Arenak partidak gogortu egiten dituela gaineratu du: «Askotan gertatzen den moduan, frontoi honetan egindako tanto gutxi izan dira. Tanto azkarrak egitea asko kostatzen da, eta orduan asko gogortzen dira».
Lasok buruko minez bukatu du partida: «Tanto oso gogorrak izan dira, asko sufritu dut, eta buruko minarekin bukatu dut. Azkenean sufrituz irabazi dut. Jonen [Mariezkurrena] laguntzarekin lortu dut, berak esan dit sufritzeko eta horrela lortu dut».