Amezketan dagoeneko antolatu dituzte zenbait argazki-erakusketa iraganeko irudiekin. Aurretik garai bateko familia ugarien argazkiak, ikastetxeetako haurren, pilotarien eta Talai dantzarien irudiak jarri zituzten ikusgai eta, oraingoan, «gertuagoko errealitatea» aukeratu eta herriko kintoen argazkiak jarri dituzte jendaurrean.
Amezketako Udaletik adierazi dute azken lau urteetan iraganari eman diotela garrantzia: «Bertan islatzen den historia amezketarron historia da eta ezagutzea komeni zaigu, etorkizuna ere bide onetik gauzatu nahi badugu». Erakusketa berrian, aldiz, gaurkotasunera hurbildu dira eta «kintoen mundua» landu dute «mahaiaren inguruan jartzeko eta harremanak mantentzeko ohitura» bilakatu delako: «Hori islatu nahi izan dugu. Gaurkotasunaren isla da argazkiak koloretan izatea, aurrekoak zuri-beltzean baitziren».
Ohi bezala Pernando Amezketarra kultur etxearen sarreran jarri dituzte ikusgai argazkiak, eta norbaitek beste irudiren bat izanez gero proposatzeko gonbidapena luzatu dute: «Erakusketan seguru asko ez daudela kintoen argazki guztiak. Bila ibili, han eta hemen ate joka aritu eta lortu direnak daude. Norbaitek besterik izango balu, udal bulegoan gogo handiz jasoko dugu, eta eskaneatu ondoren itzuliko genuke».