Tranpetan 4.600 liztor asiar baino gehiago harrapatu dituzte

Ataria 2026ko ekainaren 18a

Liztor asiarraren aurkako tranpa baten artxibo irudia. ATARIA

Amezketan 110 tranpa izan dituzte martxan martxoaren 9tik maiatzaren 31ra. Tranpak elkarlanean jarri dituzte udalak, herriko eskolak, erlezainek eta beste hainbat boluntariok.

Amezketan 4.618 liztor asiar harrapatu dituzte jarritako tranpen bitartez. Gipuzkoako Foru Aldundiak baimenduta, herrian 110 tranpa inguru izan dituzte martxan martxoaren 9tik maiatzaren 31ra, eta tarte horretan harrapatu dituzte aipatutako liztorrak.

Amezketako Udaletik azaldu dute tranpatzearen helburua udaberrian esnatzen diren liztor erreginak harrapatzea dela, eta, horrela, liztorren koloniak garatzea oztopatzea: «Gaur egun, momentuz behintzat, hau da modu bakarra udan edo udazkenean sumatzen duzun liztor asiarraren habia kopurua gutxitzeko. Habia horien garapena murriztearekin, behera egiten du liztor asiarraren kopuruak ere».

Zentzu horretan, tranpek eragina izatea espero dutela ere gehitu dute, eta, aurrera begira, liztor beltzaren habiaren bat ikusiz gero udaletxean jakinarazteko ere ohartarazi dute.

Tranpatzea elkarlanean

Amezketako Udala urte hasieratik ari da lanean liztor asiarraren inguruan, eta aipatutako tranpa horiek herritarrekin elkarlanean kudeatu ditu. Hain zuzen, udalak bitartekoak erosi ondoren, herriko Zumadi eskolak, erlezainek eta beste hainbat boluntariok egin diete jarraipena tranpei.

Hari horri tiraka, eskerrak eman dizkie udalak parte hartu dutenei: «Aurten egin den herri mailako tranpatzearen emaitza borobilena 4.618 liztor harrapatu direla da. Ez da garrantzi gutxiagokoa, ordea, herri mailan sortu den inplikazioa eta kontzientziazioa. Eskerrik asko parte hartu duzuen guztioi».

Jardunbide egokiak

Liztor asiarra espezie inbaditzailea da, eta arriskutsua da ekosistemen orekarentzat, batik bat, bertako erleentzat. 

Hilabete horietako tranpatzeak eragina izatea espero duela adierazi du Amezketako Udalak, eta nabarmendu du espezie horri aurre egiteko «oso garrantzitsua» dela tranpa egokiak erabiltzea eta errespetatzea, habiak ikusiz gero udala jakinaren gainean jartzea, eta habia kentzeko edo deusezteko lanak «segurtasunez eta ondo» egitea.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!