Gaur hasiko dira Amezketako herri basoetan ingurua lehengoratzeko eta bertako pagadiak sustatzeko bakanketa lanak egiten. Lan horiek elkarlanean egingo dituzte Amezketako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendiak eta Habitatak Kudeatzeko Zerbitzuak. Lan horien helburua da pagadi berriak sortzea eta bertako basoen hedadura handitzea, eta, horrela, Amezketako herri mendietan baso «naturalago eta iraunkorragoak» garatzea.
Mozketak Ariñatera igotzen den pista inguruan eta Larrondoko parajean egingo dituzte. Lanek iraun bitartean, segurtasun arrazoiengatik, Ariñateko pistan aldi baterako etengo dute ibilgailuen zirkulazioa eta tarteka emango dute pasabidea. Dena dela, aurrez jakinaraziko dituzte neurri edo traba horiek. Lanetan erabiliko duten makineriaren eta mozketen arriskua dela-eta, lan guztiak amaitu arte seinaleztapena errespetatzeko eta lan-eremuetan ez sartzeko eskatu diete herritarrei herriko udalak eta aldundiak.
Oreka lortzeko lanak
1980ko eta 1990eko hamarkadetan herriko hainbat lursail publikotan pagoz eta pinuz osatutako landaketa mistoak egin ziren. Landaketa horien helburua lehen urteetan koniferek pago gazteei babesa ematea zen eta, aldi berean, pagoak argiaren bila zuzen eta sendo haztea. Urteekin, ordea, zuhaitzak hazi egin dira eta elkarren arteko tartea txikiegia da; ondorioz, espezieek elkarri hazten jarraitzea oztopatzen diote.
Egoera horri erantzuteko Gipuzkoako Foru Aldundiak landaketa mota horietako 22 hektareatan egingo ditu bakanketa lanak. Gehienbat izeiak [gazteleraz abeto] kenduko dituzte, eta toki egokian dauden zein tamaina aproposeko izei batzuk bertan utziko dira biodibertsitatearen mesedetan.