Atzera ospatuko dute euren eguna Amezketako gazteek. Larunbatean egingo dute Gazte Eune, eta arratsaldetik iluntzera arteko egitaraua izango dute. Goizean jaialdia izango du herriko Zumadi eskolak, eta haren segida gisa ospatuko dute gazteen eguna.
Aitor Galartza antolakuntzako kideak azaldu duenez, arratsaldean bukatuko da eskolako jaialdia, eta 18:30etik aurrera jendea «bertan mantentzeko» musikarekin girotuko dute plaza: «Gazte taldetik txosna moduko bat jarriko dugu, eta bertan edariak-eta izango ditugu». Horrez gain, plazan afaltzeko aukera ere emango dute: «Norberak eraman beharko du afaria, eta 20:30ak aldera txiria jarriko dugu». Afaria bukatutakoan musika jarriko dute berriro, eta gaua girotzeko 23:00ak aldera hasiko da DJ bat.
Herrian ospatzeko aukera
Galartzak zehaztu du «gehienbat herritarrei begira» antolatu dutela ekimena, baina espero dutela inguruko herrietatik ere «jende pixka bat» joatea: «Badakigu data zail xamarra dela, Ibarran ere Gazte Eguna delako eta beste herri batzuetan ere festa izango dela esan digutelako. Herritarrentzat antolatu badugu ere, etortzen direnak ongi etorriak izango dira».
Antolatzeko gogoaren inguruan, berriz, azaldu du Amezketako gazteak «herrian bertan elkartzeko eta festa egiteko gogotik» abiatu direla: «Herriko festetatik aparte ez daukagu ia aukerarik herrian bertan gazteok elkarrekin parranda egiteko. Elkarrekin primeran pasatzen dugu, eta horrela beste herri batera joan beharra saihesten dugu».
Larunbatean, aipatu bezala, Zumadi eskolako festarekin hasiko dute eguna, eta bi ekimenak, izatez, batera ez badoaz ere, zenbaitek parte hartuko dute goizean ere: «Nik, adibidez, begirale titulua lortu dut, eta umeentzat jokoak antolatzen-eta ariko naiz goizean. Baina, berez, ez doa batera».
Hiru urteren ondoren
Ez da ospatzen duten lehen aldia, izan ere, 2023an ere egin zuten Amezketako Gazte Eune. Galartzaren esanetan tarteko urteetan ere izan dute errepikatzeko gogorik, baina ez dira «garaiz mugitu»: «Noiz ospatuko erabakitzeko duda asko izaten genituen, eta azkenerako berandutu egiten zitzaigun».
Aurten ere datarekin erabat asmatu ez dutelakoan daude, baina aurrera begira berriro antolatuko dutela ziurtatu du: «Beste egun bat aukeratuta hobeto egin genezakeela iruditzen zait: jendea erakartzeko beste herrietan ezer ez dagoen dataren bat aukeratzea eta halakoak. Errepikatuko dugu datozen urteetan, eta hobetzen joango gara pixkanaka».