elkarrizketa

«Espero dut eguraldiak laguntzea, baldintza garrantzitsua baita guretzat»

Aitor Arroyo Askarai 2026ko maiatzaren 13a

Aisha Etxeberria Zubeldia, San Martingo etxolaren aurrealdean. A. ARROYO

Datorren asteko ostegunean zabalduko du etxola, 19:00etan, pintxo-potearekin. Astero mantenduko du hitzordu hori, eta beste hainbat jarduera antolatzeko asmoa ere azaldu du.

Urte honetan Aisha Etxeberria Zubeldia (Amezketa, 2005) ugartearrak kudeatuko du San Martingo etxola. Datorren asteko ostegunean, hilaren 21ean, zabalduko du etxola pintxo-potearekin, eta uda amaierara arte mantenduko du zerbitzua. Jan-edanaz gain, hainbat jarduera antolatzeko asmoa duela aurreratu du.

Noiz zabaltzeko asmoa duzu?

Izatez asteburu honetan zabaltzeko asmoa genuen; baina eguraldia gorabehera, ez da posible izango. Azkenean datorren asteko ostegunean zabalduko dugu, maiatzaren 21ean, pintxo-potearekin. Inaugurazio moduko bat izango da, 19:00ak aldera. 

Urteroko eskaintza mantenduko duzu?

Hori da. Askotariko edariak izango ditugu, kafea eta infusioak, patatak... Eta pintxo-potearekin aprobetxatuko dugu zenbait mokadu ere egiteko. Horrez gain, pentsatzen ari gara gosariak ematen hastea, goiz irekitzen badugu. 

Pintxo-potea astero egingo dugu, ostegunetan. Lau hilabeteak aprobetxatu nahi ditugu, eta mokaduak aldatzen joatea da asmoa. 

Beste urte batzuetan egin izan dituzte kultur ikuskizunak, txapelketak... Horiei eutsiko al diezu?

Asmoa badut. Inguruan musikari batzuk baditut, eta horiek gonbidatzeko asmoa dut. Mus txapelketa ere antolatu nahiko nuke, eta baita bertsolaritzarekin lotutako zerbait ere. Dena dela ikusiko dugu martxaren arabera. 

Idealena hilabetean bizpahiru jarduera antolatzea litzateke; tartean bizikleta igoera ere antolatu nahiko nuke: elizatik honaino. 

Iaz toldoak jarri zituen udalak. Aurten ere berrikuntzarik izango da?

Nobedadea izango da parean ditugun harrizko mahaien ondoan argiak jarriko dituela udalak. Eta asmoa dute biltegia izango litzatekeen beste etxola bat ere jartzeko; baina hori ez dakit noiz izango den. 

Aterpea izateak lagunduko du eguraldiaren eragina gutxitzen, ezta?

Bai, oso garrantzitsua da guretzat. Lehen euri tantekin jendeak alde egiten zuen, hemen ez dagoelako babeslekurik. Aterpearekin, berriz, jendeak zertxobait luza dezake. 

Ondoan Argaia Goenako etxola izango duzue aurten ere. 

Oraindik ez gara harremanetan jarri, baina uste dut ekainetik aurrera zabaltzen dutela. Guretzat onuragarria izango da, janari eskaintza handitzearekin jendea gehiago animatzen delako. 

Nolatan erabaki duzu etxola kudeatzen hastea?

Ostalaritzan aritu naiz lehen ere: hiru urte daramatzat Tolosako Fronton tabernan. Oso gustura aritu naiz, eta lehiaketa zabaldu zela ikusi nuenean, aukera polita iruditu zitzaidan. Ez da nire ametsetako lana, baina udan lan egiteko aukera polita da, eta udalak erraztasun asko ematen ditu.

Bakarrik ariko zara?

Etxekoek ere lagunduko naute; amak, gehien bat. Eta eskerrak, bakarrik erotuko nintzateke. Lagunen bat animatzen bada ere, ongietorria izango da [barrez].

Nolako uda aurreikusten duzu?

Espero dut eguraldi ona izatea; badakigu hemen ez dagoela bermerik, baina... Astean behin edo bitan eguraldi kaxkarra eginez gero, berdin dit; eskertu ere egingo dut, horrela atseden hartuko dudalako. Baina, bestela, asmoa da egunero zabalik izatea, eguraldiak laguntzen badu, behintzat. 

Lau hilabetetan ahalik eta gehien aprobetxatzea da asmoa, aurrezteko ere aukera polita izango da. Espero dut eguraldiak laguntzea, hori baldintza garrantzitsua baita guretzat.

Zein egunetan izango duzu irekita?

Maiatzean ostegunetik igandera zabalduko dugu. Ekainean, berriz, egunero irekitzea da asmoa, eguraldi ona dagoen bitartean, 15:00etatik itxi arte. Kurtsoa bukatzen dudanean, ekainaren 15etik aurrera udako erritmoa hartuko dugu, eta egunero zabalduko dugu. 

Gosariak ematen hasiz gero, 09:00etan edo 10:00etan zabalduko dugu, eta hortik egun amaieran itxi arte. Tamaina hartuko diogu lan egin ahala, eta joango gara ikusten. Asteburuetan zertxobait luzatuko dugu, eta astean zehar lehenago itxiko dugu; dena, betiere, eguraldiaren arabera.

Zerk egiten du berezi San Martingo etxola?

Herrikoak biltzen gara, eta giro polita izaten da. Nik kudeatuko dudanez, badakit lagunak etorriko direla; eta giroa etxekoagoa izango da. Batik bat Amezketako jendea izaten da, baina ospe oso ona hartu du, eta jendea gerturatzen da inguruko herrietatik ere. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!