Hitzordu berezia ostiraleroko azoka biziberritzeko

Ataria 2026ko maiatzaren 5a

Ostiraletako azokako artxibo irudia. A. ARROYO

Ohikoa baino postu gehiago izango ditu ostiral honetan azokak. Postuez gain, zozketa, pintxoak eta sunpriñuari buruzko erakustaldia ere izango dituzte.

Ostiralean azoka berezia egingo dute Amezketako plazan. Astero izaten diren postuez gain, Zidernaut edari ekoizleak eta Osabi kosmetika naturalak ere hartuko dute parte azokan, eta postu gehiago bakarrik ez, antzinako sunpriñu instrumentuaren erakustaldia zein mokaduak jateko aukera ere izango dira bertan. 

Amezketan ostiralero egiten dute azoka herriko zein inguruko hainbat ekoizlerekin. Aste honetan, berriz, «eskaintza handitu» egingo dutela kontatu du Jokin Artola antolakuntzako kideak: «Azoka mantentzea eta indartzea da helburua. Eguberrietan egin genuen antzeko halako bat, eta udaberrian egitea ere erakargarria iruditu zaigu».

Hori horrela, hamabi postu inguru izango ditu aste honetan ostiraletako azokak, eta bertan izango dira, besteak beste, Malek fruta saltzailea, Larreta esnekiak, Aralareko, Zuzitza, Balerdipeko erleak, Eguzki Leire, Zidernaut edariak eta Osabi kosmetika. 

Postuz postu

Artolak azaldu du «azken asteetan» ez dutela azokan parte hartu Balerdipeko erleak ekoizleek, hain zuzen, ez dutelako produkturik izan: «Oraingoan, ordea, bertan izango dira euren produktuekin, eta beste erlezain batzuen produktuekin ere». Haiez gain, azokara itzuliko da Eguzki Leire okina ere «berriro martxan» jarri dela-eta, eta beste zenbait baserritar ere bertaratuko dira.

Antolakuntzako kidearen esanetan ohiko postuez gain parte hartuko dutenak gonbidatu dituzte bat egiten dutelako azokaren funtzioekin eta helburuekin: «Ingurukoak direlako gonbidatu ditugu, eta bat egiten dutelako gure helburuekin zein lan egiteko moduarekin». Ostiralero bezala, 16:30ean hasi eta 18:00ak edo 18:30ak aldera bukatuko da azoka «sortzen den giroaren arabera». Astero bezala, azoka plazan egiteko asmoa dute, baina «eguraldi kaxkarra» egokituz gero, frontoira lekualdatuko dute ekimena.

Eguberrietako azokara Legorretako Basabe ekoizlea gonbidatu zuten, baina oraingoan ezin izan du parte hartu: «Nahiz eta formatu txikiko azoka izan, eta bi ordutxo edo irauten dituen... Aurreko esperientziarekin gustura geratu zen, eta errepikatzeko prest zegoen, baina azkenean ezin izan du». Hori dela eta, ohiko eskaintza aberasteko Zidernaut eta Osabi ekoizleei proposatu zieten parte hartzea, eta haiek ere «gustura» hartu dute gonbidapena: «Aurrera begira errepikatzeko ez dute aterik itxi, baina lehenengo ea ostiralekoa zer moduz ateratzen den. Interesgarria da herrira etorri ahal izatea beste ekoizle batzuk, haien produktuak ere ezagutzeko».

Nobedadeak azokan

Aipatutako postuez gain, beste hainbat berritasun ere izango ditu ostiral honetako azokak, horien artean, zozketa bat, sunpriñua nola egiten den ikasteko erakustaldia eta mokaduak jateko aukera. 

Zozketa Eguberrietan ere antolatu zutela zehaztu du Artolak, eta oraingoan saria egunean bertan banatuko dutela aurreratu du: «Erosketak egiten dituztenen artean txarteltxoak banatuko ditugu, eta ostiralean bertan zozkatuko dugu Udaberriko altxorra izendatu dugun saria».

Ekoizleen postuekin batera, Amezketako Zazpiturri elkarteko kideek hainbat pintxo prestatuko dituzte herriko produktuekin, eta horiek dastatzeko aukera emango dute: «Elkarteko kideek pintxoak egingo dituzte herriko produktuekin, edari pixka bat jarri... Musika ere jarriko dute, eta azoka girotzea izango da helburua».

Aipatutakoa gutxi ez, eta sunpriñuari buruzko erakustaldi bat ere egingo du Artolak berak: «Sunpriñua galduta dagoen musika tresna bat da, garai batean artzainek erabiltzen zutena. Baditugu hari buruzko testigantza batzuk herrian, baina oso lausoak dira denak». Antolatzaileak kontatu duenez, urritzaren azalarekin egiten zuten instrumentua, eta desegin egiten da zenbait hilabete iraun ondoren: «Dultzainaren forma edo hartzen du, eta nola egiten zen jakiteko erakustaldia egingo dut. Jotzen ez dakit, horretarako abilezia behar da».

Egonkortasun bizia

Azoka berezia egitearen helburua ostiraletako hitzordua «biziberritzea» dela azaldu du Artolak: «Salmenten nolakotasuna aldatu egiten da urtean zehar: garai batean gora egiten dute zenbait produktuk, eta, behera, beste batzuk. Uda gerturatu ahala jendea beste plan batzuk egiten hasten da, eta jaitsi egiten da mugimendua».

Ezohiko hitzorduarekin, berriz, «bizitasun pixka bat» eman nahi diote ekimenari, eta egonkortzea lortu: «Egia da dagoeneko egonkortu dela pixka bat; urtebete baino gehiago darama martxan. Baina adi ibili behar dugu, eta uneoro zaindu». Zentzu horretan, ekimena «batik bat» herritarrei bideratuta dagoela zehaztu du, baina interesa izan dezakeen edonor gonbidatuta dagoela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!