Trafiko eragozpenak goitibeheren lasterketa dela-eta

Ataria 2025eko urriaren 24a

Alegian jokatu zuten goitibeheren jaitsieraren artxibo irudia.

Amezketako zenbait gunetan eragozpenak izango dira goizetik iluntzera. Probak iraun bitartean antolatzaileen argibideei kasu egiteko nabarmendu du herriko udalak.

Bihar —urriaren 25ean— Goitibera Sari Nagusia jokatuko dute Amezketan, eta hainbat eragozpen sortuko ditu horrek herriko bideetan. Eragina trafikoan eta aparkalekuetan izango da batik bat.

Sasturain tabernaren atzeko eta elizaren atzeko aparkalekuak hutsik utzi beharko dira 12:30etik aurrera. Horrekin lotuta, arratsaldeko autobus zerbitzuaren ibilbidea ere aldatuko da. 14:45eko eta 18:20eko autobusek soilik herriguneraino emango dute zerbitzua, Ergoenera igo gabe.

Horrez gain, Sasturain paretik hasi eta Bordatxurirainoko errepidea itxita egongo da 15:30etik 19:00etara. Tarte horretan, 40 minutuz behin irekiko dute ibilgailuek igaro ahal izateko. Lasterketa Bordatxuritik abiatuko da, eta parte-hartzaile bakoitza 40 segundoro aterako da irteerako puntutik.

Herritarrei gomendioak

Amezketako Udalak «pazientzia eta ulermena» eskatu die herritarrei, eta nabarmendu beharrezkoa izango dela boluntarioen eta antolatzaileen argibideei kasu egitea proba segurtasunez jokatzeko. Era berean, ingurumena zaintzeko gogora ekarri du ikusle bakoitzak sortzen duen zaborra berekin eraman beharko duela: «Mesedez, ez utzi ezer lurrean eta lagundu dezagun ingurua garbi mantentzen».

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!