Herrian bizi den Karlos Xabier Solis da antolatzailea, eta baita parte hartzaileetako bat ere. «Ni duela lau edo bost bat urte hasi nintzen goitibeheretan. Herritik paseoan eta bizikletan entrenatzen, ikusi nuen errepide bat lasterketa egiteko egokia izan zitekeena eta erraza baimenak lortzeko», esan du Solisek. «Udalarekin hitz egiten hasi ginen eta dagoeneko larunbatean izango dugu proba».
Ibilbidea zehazki Borda Txuri izeneko etxetik hasiko da, gero San Martingo ermita paretik pasatu, eta eliza ondotik igaro ondoren, Sasturain tabernaren parean izango da helmuga. 2,6 kilometroko luzera du ibilbideak, eta Euskal Herrian egiten den besteekin alderatuta, luzeena da Amezketakoa. Motorrik gabeko ibilgailuak dira goitibeherak eta abiadura handia hartu dezakete. «Hamar kategoria daude, eta batzuk azkarrago ibiltzen dira. Lehorra eta euririk gabe egonez gero, eliza parean ibilgailu batzuk 100 kilometro orduko abiadura hartu ahalko dute», esan du Solisek.
Abiadura handi horiek hartzeak, bestalde, segurtasuna eskatzen du, eta goitibehera guztiek galgak izan behar dituzte. «Ezin da parte hartu egiaztapen batzuk pasatu gabe, eta horien artean galgak ikuskatzen dira, eta ondo frenatzen dutela ziurtatu behar da», zehaztu du Solisek. «Ez da txorakeria bat, eta frenoak ondo ez badaude, sekulako zartakoa hartu dezakezu eta min handia egin».
Bi jaitsiera ofizial egingo dira, baina aurretik beste hainbat ekitaldi izango dira. 13:00ak eta 15:00ak bitarte egiaztapenak egingo dira; 15:30ean igoko dira lehenengo aldiz ibilgailuak; 16:00etan hasiko dira entrenamenduak, eta 17:00etan eta 18:00etan egingo dira jaitsiera ofizialak. «Baliteke bigarren jaitsiera lehenago egitea, ordutegia parte hartzaile gehiagorekin kalkulatuta zegoelako. Bide batez, argi gehiagorekin egiteko aprobetxatuko dugu», esan du Solisek.
Hainbat kategoriatan lehiatuko dira, ibilgailuen arabera. Solisek zehaztu duenez, «Europarrak maila goi mailakoa dela esan daiteke, material berezia dute, eta hor ere sartzen dira kart ibilgailuak». Gx mailan motoak eta kotxeen piezak erabilita egindako ibilgailuak eta Grabity bike mailan katerik, platera eta pinoirik gabeko bizikletak daude. Speedtrike mailan trizikloek parte hartzen dute. «Uretano kategorian hainbat parte hartzaile sartzen dira, eta Amezketara gizon bat etorriko da roller patinekin, eta bi mutil etorriko dira patinete handi batekin eta bertan guztiz etzanda joaten dira». Solis Europarrak kategorian ariko da, eta lehen postua lortzeko lehiatuko da.