ELKARRIZKETA

«Elkarlan edo dinamika hori oso erraz sortu eta garatu da»

Aitor Arroyo Askarai 2025eko irailaren 24a

Uxue Artola, Aralarèko proiektuko arduraduna. N. ROLDAN DE ARANGUIZ

Amezketako Udalak atzo jakinarazi zuen erabilera publikoko zenbait lur ekoizpen ekologikoan ziurtatuko dituela. Moxal haragia modu ekologikoan ekoizten du Artolak Aralarèko proiektuan.

Uxue Artola amezketarra da Aralarèko proiektuko arduraduna, eta moxal haragia ekoizten du modu ekologikoan. Amezketako mendi-lurrek ziurtagiri ekologikoa jasotzeak onura ekarriko dio ekoizleari, batik bat, arlo burokratikoan.

Nola jaso duzue notizia?
Guretzat berri oso ona da. Duela urte eta erdi edo erabaki genuen ekoizpen ekologikora jauzi egitea; eta herriak berak ildo hori jarraitzea ere pozgarria da. Hainbat lan dinamika egin ditzakegu elkarrekin eta, gainera, lurra partekatu dezakegu beste ekoizpen mota bat egiten duten ganaduzaleekin ere; ez du talka egiten.

Zein onura ditu ekoizlearentzat pauso horrek?
Guri burokrazia lana asko arinduko digu. Ekoizpena modu ekologikoan egiten dugu eta, tartean, ziurtagiri hori ez duten lurrak erabiliz gero —nahiz eta jakin ez dela ongarri kimikorik eta abar erabiltzen—, urtero ziurtatu behar dugu erakundeen aurrean.

Ziurtagiria lurrak berak izango duenez, bermatuta egongo da eta ez dugu ekoizleok berriro tramitea urtero egin beharko. Abantaila handia da, justifikatuta egongo delako lur horiek ere ekologikoak direla eta bat egiten dutela ekoizpen mota horrekin.

Abantaila nagusia, beraz, tramite horiek aurreztuko dituela da, ezta?
Hori da. Bermatuta geratzen da erabiltzen ditugun lur horiek —etxekoez aparte— ziurtagiri  —eta, jakina, praktika— ekologikoa dutela.

Zuen ekoizpena, hortaz, ez da aldatuko.
Guretzat aldaketa burokratikoa bakarrik da. Eta ez da gutxi, hortik ere lana pilatzen baitzaigu.

Nolakoa izan da elkarlana erakundeekin?
Erraza izan da. Amezketako alkatea pertsonalki ere ezagutzen dut eta... Guztion arteko elkarlan edo dinamika hori oso erraz sortu eta garatu da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!