Ekoizpen ekologiko ziurtagiria izango dute Amezketako mendi-lurrek

Aitor Arroyo Askarai 2025eko irailaren 23a

Amezketako plazan egin dute agerraldia ordezkariek eta abeltzainek. ATARIA

Amezketarekin batera eman dute nekazaritza ekologikoaren aldeko urratsa Ataunek, Urduñak eta Zaldibiak. Lau udalerrien artean, guztira, 3.198 hektareako mendi-eremuen kudeaketa ziurtatzeko prozesuari ekingo diote.

Europar Batasuneko Nekazaritza Ekologikoaren Eguna da gaur eta Amezketako Udalak mendi-lurrak nekazaritza ekoizpen ekologikoan ziurtatuko dituela jakinarazi du. Agerraldi bateratuan urrats bera jakinarazi dute Ataungo, Zaldibiako eta Urduñako Udaletako ordezkariek.

Adierazi dutenez, elikagai ekologikoen ekoizpenari buruzko Europako etiketa-araudia (EB 848/2018) betetzeko konpromisoa hartu dute; hala, aurrerantzean, abereentzako larreak eta baso-bilketa guneak nekazal ekoizpen ekologikoaren printzipioen arabera kudeatuko dituzte. Ordezkari guztiek nabarmendu dute «urrats garrantzitsua» dela. Agerraldian izan dira, halaber, Judit Gartzia Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluko lehendakaria eta Uxue Artola abeltzain ekologiko amezketarra.

Lau udalerrien artean 3.198 hektareako mendi-eremuen kudeaketa ziurtatzeko prozesuari ekingo diote: Amezketak 253 hektarea bideratu ditu; Ataunek 1.762; Zaldibiak 283 eta Urduñak 900 hektarea.


Mikel Arteaga Amezketako alkatea, gaur goizeko agerraldian. ATARIA

Ekologikoaren aldeko neurria
Amezketako Mikel Arteaga alkateak azaldu du orain arteko kudeaketak «neurri handi batean» betetzen zituela araudi ekologikoan ezarritako eskakizunak eta, beraz, urratsak ez duela «aldaketa handirik» ekarriko: «Praktikan ez du ezer aldatuko. Larreak eredu ekologikoan ziurtatzeak abeltzaintza ekologikoan diharduten abeltzainei larre horiek erabiltzeko segurtasuna eta bermea emango die; eta, aldi berean, eredu horretan ez dauden abeltzainek ere mendi-lur horiek erabiltzen jarraitu ahal izango dute berdin-berdin».

Neurria, hain zuzen, ekoizpen ekologikoa «errazteko» dela ere azaldu du Arteagak: «Ekoizleak lur komunak erabiliz gero, aldiro egiaztatu behar du horietan ez dela ekologikoa ez den jarduerarik ematen. Ziurtagiriarekin erraztu egiten da tramitea, bermatuta baitago lurraren ekoizpena ekologikoa dela». Hori horrela, ekoizpen mota horren aldeko apustua dela ere argi utzi du alkateak.

Hari berari tiraka, agerraldian udal ordezkariek nabarmendu dute konpromiso horiek betetzeak «onura handiak» ekarriko dituela landa eremuarentzat ere.

Bete beharreko neurriak
Dagoeneko betetzen badituzte ere, zenbait konpromiso mantendu beharko dituzte, aurrerantzean, Amezketako lur komunetan, besteak beste, abere-zama egokia izatea, sintesi kimikoko produkturik ez erabiltzea, abereen ongizatea bermatzea eta abereak behar bezala identifikatuta edukitzea.

Horrez gain, lurzoruaren bizitza, emankortasuna eta biodibertsitatea mantentzea eta hobetzea; materia organikoaren galera eta higadura saihestea; baliabide naturalen erabilera arduratsua sustatzea; larreetan ager daitezkeen izurriteen eta gaixotasunen aurrean prebentzio-praktika naturalak lehenestea; paisaia-elementu naturalak zaintzea eta kanpoko baliabideen zein berriztagarriak ez diren baliabideen erabilera murriztea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!