Amezketako jaiak 2025

Mende erdiko bideari omenaldia

Ataria 2025eko abuztuaren 21a

Hasi dira festak Amezketan, eta suziria aurten 50 urte bete dituzten Talai dantzarien egitasmoaren eta Zazpi Itturri elkarteko zein pilota eskolako kideek bota dute.

Elbia azkenean euriari gailendu zaio. Amezketako festen txupinazoa bota aurretik euria ari zuen, baina suziria bota behar zutenak udaletxeko balkoira azaldu eta pixkana atertzen joan da. Azkenean Elbiaren jaitsiera aterkiak ireki gabe zeudela egin dute.

Txupinazoaren aurretik txistulariek girotu dute plaza, udaletxe arkupetik. Ondoren, suziria botatzeko ordua iritsi da, eta balkoira atera dira aurten 50 urte bete dituzten herriko eragileren kideak. Zazpi Itturri elkarteko eta pilota eskolako kideak, eta baita Talai dantzarien ordezkariak. Jokin Artolak hitz egin du lehendabizi, eta, besteak beste, auzolanaren garrantzia nabarmendu du egitasmoak aurrera ateratzeko. Jokin Altunak, bere aldetik, bertaratu ezin izan den Xalton Zabala izan du gogoan, eta festak ondo pasatzeko opatu die herritarrei.

Suziriak bota ondoren, dantzariek agurra dantzatu dute eta Elbiak bere bidea egin du plazako iturriraino. Ondoren, askatu eta udaletxeko leihora eraman dute, bertatik festen jarduna zaintzeko. Ondoren festa frontoira igaro da. Pilotalekua mahaiz beteta zegoen, bertan zahagiardoa egiteko. Kuadrilla bakoitzak bere jatekoa eman du, eta udalak edaria, ogia eta gazta jarri ditu.

Ikusi hemen Amezketako festetako egitarau osoa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!