San Bartolome egunaren bueltan antolatzen dituzte festak Amezketan, eta aurten, festen egun kopurua bostetik laura jaisteko erabakia hartu dute. Eskualdeko herri gehienetan bezala, Amezketan ere festa batzordeari dagokio jaien antolaketa, eta bertako kideetako bat da Eneko Goitia (Amezketa, 1991). Berak, bileretan parte hartu eta jaietan zehar esku bat botatzen duten amezketarrak eskertu nahi izan ditu, «betebehar guztiak erraz aurrera ateratzen laguntzen dutelako».
Nolakoa izaten da Amezketako festen antolaketa?
Amezketako festak antolatzeko festa batzordeko kideak biltzen gara. Batzordea adin desberdinetako pertsonez osatuta dago, eta azken urteetan, martxoaren bukaeran hasten gara bilerak egiten. Ekintza batzuk aurreko urteetatik datozenez nahiko lotuta egoten dira, eta zorionez, azkenaldian jende asko elkartzen gara, beraz, lanak errazago antolatzen dira. Aurten, esaterako, gazte asko etorri dira bileretara, eta guztira hogei lagun inguru elkartu gara. Horri esker, lana banatzeko jendea badago, eta dena askoz errazago joaten da.
Aurten inoizko jairik laburrenak antolatu dituzue, lau egunekoak.
Egia da azken urteetan bost eguneko festa-egitaraua antolatzen ibili garela, baina San Bartolome egunaren bueltan antolatzen ditugu festak, eta aurten eguna igandean tokatu denez, erabaki genuen ez zela beharrezkoa festak astelehenera arte luzatzea.
Adin eta gustu askotako jendearentzako egitaraua daukazue prest.
Bai, denentzat egitarau zabala prestatzen saiatu gara. Helduei eta gazteei zuzendutako ekitaldien artean, batzuk zahagiardoarekin eta elbiaren jaitsierarekin lotuta daude; beste batzuk, berriz, txakolin eta sagardo dastaketarekin. Kuadrillen eguna ere herritar guztiei zuzendutako ospakizuna izaten da. Horrez gain, umeentzako egun berezi bat antolatu dugu, eta bertan haientzako jarduera ugari eskainiko dira.
Zein ekitaldi da inork galdu ezin duena?
Herritar bakoitzak bere iritzia izango du, baina nik aipatu berri ditudan kuadrilla eguna, elbiaren igoera eta jaitsiera, eta zahagiardoa ezinbestekoak direla esango nuke. Horiez gain, lehen eguneko erromeria eta umeen herri kirol saioa ere oso politak izaten dira.
Aurtengo berrikuntza nagusia zein dela esango zenuke?
Aurten, berrikuntza nagusietako bat mozorro eguna berreskuratzea da. Sei urte daramatzagu mozorro egunik antolatu gabe, herritar asko ez baitziren animatzen mozorrotzera. Baina aurten gazteen proposamenez, berriz egingo dugu. Horrez gain, iaz lehen aldiz antolatutako Barttolin txapelaren jaurtiketa ere errepikatuko dugu. Iaz eguraldi txarra izan arren, ekintzak sekulako arrakasta izan zuen, eta aurten berriro egitea merezi duela uste dugu. Bestalde, Tioteroren Semeak taldearen ikuskizun berria ere izango dugu, 2019an ere etorri ziren eta oso saio polita izan zen.
Aurtengo futbol salako txapelketa duela gutxi zendu zen Joseba Larreta 'Latu'-ren omenezkoa izango da.
Latu, tamalez, maiatzean zendu zen eta herritarren artean oso maitatua eta estimatua zen. Jaietan hutsune handia utziko du, festetako ekintza gehienetan parte hartzeaz gain, beti laguntzeko prest egoten baitzen. Horregatik erabaki dugu Amezketako Futbol Sala Txapelketa bere omenezkoa izatea. Txapelketari dagokionez, herri ezberdinetako jendea lehiatuko da, bi kategoriatan banatuta: 16 urtez azpikoak eta 16 urtetik gorakoak. Finalak festen lehen egunean jokatuko dira Zumadin.
Festak antolatzeaz gain, kuadrilla egunean botatzen den bideo muntai bat ere egiten duzu.
11 urte daramatzat bideo muntaiak egiten, 2014. urtetik zehazki. Bideo muntaia hau, batez ere, aurreko urteko festetako irudiekin eta bideoekin osatutako laburpen bat izaten da. Jendeak gustura ikusten du, eta emanaldia kuadrilla eguneko gauean izaten da. Normalean, 15 eta 20 minutu arteko iraupena duen bideo bat izaten da. Aurten, ordea, ez dakit bideoa osatzeko moduan izango naizen; izan ere, ez dut bideoa osatzeko adina material.